Urte luzez, Marte planetaren kolore gorrixka hematitarekin lotu izan da, hau da, urik gabeko burdin oxidoarekin. Hala ere, azken ikerketek agerian utzi dute burdin oxido hidratuak, hala nola ferrihidritak, protagonismo handiagoa izan dezakeela. Aurkikuntza honek ondorio garrantzitsuak izan ditzake, planetak iraganean uste baino ur gehiago izan zuela iradokitzen baitu, eta ondorioz, bizitza primitiboa garatzeko aukera are errealistagoa bihurtzen du.
Curiosity, Pathfinder eta Opportunity bezalako misioek Marteko lurzorutik jasotako laginen analisiak, baita Mars Reconnaissance Orbiter bidez egindako behaketak ere, eztabaida zientifikoari argia ematen ari dira. Lurran egindako laborategi esperimentuek ere ondorio berera eraman dituzte ikertzaileak.
Ura egon zenaren froga?
Orain arte zientzialariek uste zuten Marteko hautsak, milioika urtetan atmosferarekin izandako erreakzioaren ondorioz, urik gabeko hematita zela. Baina azken ikerketek frogatu dute Marteko kolore gorria ferrihidritarekin bat datorrela, burdin oxido hidratuarekin. Mineral hau normalean ur hotzetan azkar sortzen da, eta beraz, planetak oraindik ura zuenean eratu zela ondorioztatu dute. Gainera, ferrihidritak bere ezaugarri hidratuak gaur egunera arte mantendu ditzake, hautsa planetan zehar zabaltzen den arren.
«Martetik ekarritako datuak erabiliz, laborategian bertan hautsa birsortzen saiatu ginen, burdin oxido mota ezberdinekin esperimentatuz. Ikusi genuen ferrihidritak basaltoarekin (arroka bolkanikoa) nahastuta bat egiten zuela Marteko espazio-ontziek hautemandako mineralekin», azaldu du ikerketaren egile nagusiak, Adomas Valantinasek, Brown Unibertsitateko eta Bernako Unibertsitateko zientzialariak.
Oxidazioa, uste baino lehenagokoa
Valantinasek azaldu du aurkikuntza honek Marteko historiaren interpretazioan aldaketa nabarmena dakarrela. «Martek oraindik ere Planeta Gorria izaten jarraitzen du, baina orain badakigu zergatik den gorria», dio. «Ferrihidrita sortzeko ura beharrezkoa denez, Marte uste baino lehenago oxidatu zela ondorioztatu dezakegu». Gainera, mineral honek egonkortasuna mantentzen du planetako egungo baldintzetan ere.
Hainbat ikerketek lehendik ere proposatu zuten ferrihidrita Marteko hautsean egon zitekeela, baina Valantinasek eta bere taldeak lehen aldiz baieztatu dute, espazio misioetako datuak eta laborategiko esperimentuak uztartuz.
Laborategian egindako esperimentuak eta etorkizuneko misioak
Ikerlariek Marteko hautsa birsortu dute laborategian, mikra tamainako partikula finak lortzeko makina berezi bat erabiliz. Ondoren, espazio-ontziek erabiltzen dituzten teknika berberak aplikatu dituzte laginak aztertzeko, eta ferrihidritaren presentzia baieztatu dute.
Colin Wilson, ESAko TGO eta Mars Express misioen zientzialaria, ikerketaren garrantzia nabarmendu du: «Ikerketa hau misio internazionalen datu osagarriei esker lortu da, bai orbitatik zein lurzorutik». Mars Express-ek jasotako informazioari esker, Marteko eskualde hautsienek ere ur mineralez aberatsak direla frogatu da. Bestalde, TGOren orbita bereziak aukera eman die zientzialariei partikulen tamaina eta konposizioa aztertzeko, hautsa errealistoki birsortzeko ezinbesteko urratsa.
Hurrengo pausoa: Marteko hautsa Lurrera ekartzea
Zientzialariak ilusioz daude etorkizuneko misioen emaitzekin. «Gogo handiz itxaroten ditugu ESAko Rosalind Franklin esploratzailearen eta NASA-ESAren Mars Sample Return misioen emaitzak, Marte zergatik den gorria hobeto ulertzeko», dio Wilsosek.
NASAren Perseverance esploratzaileak dagoeneko hautsa jasotzeko laginak bildu ditu, eta Lurrera itzultzeko zain daude. «Lagin baliotsu hauek laborategian aztertzen ditugunean, zehazki zenbat ferrihidrita daukan ikusiko dugu, eta horrek Marteko uraren historiari eta bertan bizi izan litezkeen organismoei buruzko informazio erabakigarria emango digu», amaitu du Wilson-ek.