Osakidetzak 40.000tik gora erresonantzia magnetiko egiteko itxaron-zerrenda pilatu du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideari emandako erantzunaren arabera.
Osatek erakunde publikoak kudeatzen ditu proba horiek, eta hainbat ospitaletan banatutako hamazazpi erradiodiagnostiko-ekipo ditu guztira. 2025eko urtarrilaren 31ko datuen arabera, Donostia Ospitaleak dauka zerrendarik luzeena: 9.913 erresonantzia egiteko daude zain.
Donostia, Galdakao eta Deustu buru
Donostiako Ospitalearen ondoren, Galdakao dago bigarren postuan, hiru ekiporekin eta 6.863 erresonantzia egiteko daudela. Hirugarren tokian Bilboko Deustuko zentroa dago; bertan, bi ekiporekin 4.900 proba daude pilatuta.
Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz), berriz, hiru erradiodiagnostiko-ekipo daude, eta horietan 4.630 erresonantzia egiteko daude oraindik. Ondoren Urduliz dator, bi ekiporekin eta 4.153 probaren zain.
Bilbo, Gasteiz, Zumarraga eta Eibarreko egoera
Bilbon bertan, Areilza zentroan ekipamendu bakarra dago martxan, eta horrek 3.564 proba ditu zain. Gasteizko Santiago Ospitalean, aldiz, bi ekipo daude, guztira 3.261 erresonantzia egiteko.
Zumarragako ospitalean ekipo bakarra dago, eta 1.605 proba pilatu dira, Eibarren beste ekipamendu bakarrean, berriz, 1.170 erresonantzia daude zain.
Lehentasunak finkatzeko protokoloa
Osasun Sailak azaldu duenez, Osatek erakunde publikoak protokolo argi bat ezarrita dauka itxaron-zerrendetan lehentasunak zehazteko. Horrela, profesionalek «txosten edo eskaeren iragazkia» egiten dute, eta «larritasun handiagoa izan dezaketen kasuei» ematen zaie lehentasuna.