Euskal Herriko kostaldean, udaberriaren etorrerarekin batera, baxurako flota berpiztu egin da, eta arrantzontzien argiak piztu dira antxoa edo bokarta erakartzeko asmoz. Aurten ere, Getariako ahozko ondarearen arabera, akaziak loratzen diren momentuarekin bat egin du antxoaren etorrerak.
Harrapakariak antxoen zain
Antxoaren etorrerak bizitza eta mugimendu handia eragiten du itsasoan. Izurdeek eta itsas hegaztiek (zangak, ubarroiak, besteak beste) aukera bikaina dute antxoaz elikatzeko. Oraindik inguruan diren berdelek eta udan etorriko diren hegaluzeek ere aprobetxatzen dute aukera hau, denek ere elikagai goxo hau eskura baitute.
Ugalketa garaia
Bizkaiko Golkoan antxoaren errute garai nagusia maiatzetik ekainera izaten da. Ilunabarrarekin batera, emeek ur azalera igota askatzen dituzte arrautzak, eta arrek semena askatuz ernaltzen dituzte. Behin errutea bukatuta, inguru horretatik urruntzen dira, kanibalismoa saihesteko.
Ugalketa Frantzia eta Kantauri inguruko plataforma kontinental osoan ematen da, bereziki Garona eta Aturri ibaien itsasadarretatik gertu, elikagai aberatsez eta uhertasunez betetako eremuetan. Bertan jaiotako larbak korronteek sakabanatu egiten dituzte, eta txitxin edo gazteak (Lekeition erabiltzen den terminoa) berehala helduko dira, urtebeteko ziklo laburra osatuta.
Arrantzaren garrantzia eta neurri mugak
Antxoaren bizitza laburra denez, gehiegizko arrantzak kalte handiak eragin ditzake espezie honetan. Horrela gertatu zen 2005ean, antxoaren populazioa nabarmen gutxitu zen eta bost urterako arrantza debekua ezarri zen. Ondoren egindako kudeaketa egokiak erakutsi zuen naturak ondo erantzuten duela zainduz gero. Hala ere, klima aldaketaren eragin posibleak kezka sortzen du adituen artean, izan ere, antxoak ohi baino lehenago ari dira erruten azkenaldian, eta neurri ezohikoak dituzten aleak ere agertu dira, 2022an Xixonen gertatu bezala.
Fresko eta goxoen, antxoa
Kalitateari dagokionez, adituen esanetan, sardinen kasuan bezala, antxoa albakoa (egunsentikoa) hobea da ardorakoa (ilunabarrekoa) baino. Beraz, gomendioa argia da: freskoen eta garaian hartu, goxoago dastatzeko.
Azkenik, gogoratu behar dugu itsasoan dauden baliabideak zaindu eta errespetatu behar direla, izan ere, antxoaren populazioaren beherakada batek guretzat baino askoz eragin larriagoak izango lituzke bertan bizi diren beste espezie eta animalia askorentzat.