Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familien egoera ekonomikoa okertu egin dela uste dutenen kopurua nabarmen handitu da azken hiru urteetan. Eustatek argitaratutako azken datuen arabera, familien %41,2k uste du egoera ekonomikoa kaskartu zaiela. Bestalde, %16k, berriz, hobekuntza sumatu duela adierazi du, aurreko urteekin alderatuz, eta %42,9k, aldiz, egonkor mantendu dela dio.
Hirutik bat, hilabetearen bukaerara iristeko zailtasunekin
Familien ia herena, zehazki %28,7, hilabetearen bukaerara iristeko zailtasunak dituela aitortu du. Zifra hau zertxobait jaitsi bada ere (-%1,2), egoera ekonomiko txarra dutela adierazten duten familien kopurua %17,1 handitu da, %26,6raino. Gainera, familien %29,5ek murrizketa ekonomikoak pairatu ditu, batez ere aisialdian (%77,7), jantzi eta oinetakoetan (%56,4), eta etxeko ekipamendu eta elikaduran (%42 bakoitzean).
25.000 etxebizitza inguru, berogailurik gabe
Ia etxebizitza guztiek dituzte etxeko ekipamendu ohikoak, baina familien %39,8k ekipamendu urria dutela aitortu dute, aurreko urteekin alderatuta %22 gehiago. Azpimarratzekoa da, gainera, 25.000 etxebizitza inguruk (%2,6k) ez dutela inolako berogailurik.
Zerbitzuak, hurbil eta eskura
Famili gehienek 10 minutu baino gutxiagora dituzte oinez honako zerbitzu hauek: autobus geltokia (%95,9), tabernak (%95,2), kafetegiak (%92,8), okindegiak (%91,7), farmaziak (%91,5), janari dendak (%91) eta supermerkatuak (%90,5).
Oporretara joaten direnak gora egin du
Iaz euskal herritarren %72,6k hartu zuen oporraldia (%64,8 zen 2019an). Gehienek beste erkidegoetara bidaiatu zuten (%68,2), %13,9k Europako beste herrialderen batera eta %10,5 Euskal Autonomia Erkidegoan bertan gelditu zen. Gehien erabili zuten ostatu mota familiakoen etxeak izan ziren.
Internet eta musika, aisialdiko gogokoenak
Herritarren %37,2k egunean 2 eta 4 ordu arteko aisialdia duela adierazi du. Gogokoen dituzten jarduerak interneten nabigatzea (%69,4), musika entzutea (%66,6), etxean filmak ikustea (%59,2) eta kirola egitea (%49,6) dira. Kirol-elkarteak dira kiderik gehien dituzten erakundeak (300.000 pertsona inguru 2024an), gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago izanik (%67,4 eta %32,6, hurrenez hurren).
Familiarekin eta lagunekin harreman estua
Euskal herritarren gehiengo zabalak (%88,5) harreman estua du etxetik kanpo bizi diren senideekin, astero edo egunero kontaktuan egonez. Lagunekin harreman estua dutenak, berriz, %78 dira. Harreman horiek gehienetan telefonoz edo internet bidez (%44,1) egiten dira, eta astero elkartuz (%33,9).
Bizilagunekin harremanak moteldu dira
Bizilagunen arteko harremanak ere jaitsi egin dira azken bost urteetan. Familiak %81,6k dute bizilagunekin harremanen bat, baina eskaileretan egunero hitz egiten dutenak %62,7 dira (15,3 puntu gutxiago), eta astero elkarri laguntzen diotenak %24,2 (12,7 puntu gutxiago).
Segurtasun arazoak eta kezka sozialak gora
Familien %20k segurtasun arazoak hauteman ditu, lapurreta eta erasoekin lotuak, aurreko neurketarekin alderatuta %4 gehiago. Gainera, kezka hazi da kaleetan alkohola (%12), droga-kontsumoa (%11,6) eta eskaleak (%11) egotearekin lotuta.