Gatibu taldeak ekainaren 7an Gernika-Lumon eskainiko duen ‘Azken Zoramena’ kontzertua Astrako aparkalekutik San Kristobaleko aparkalekura lekualdatu dutela jakinarazi dute talde gernikarrak eta Haziberri kontzertu-antolatzaileek. Erabaki hau «espazio handiago, erosoago eta seguruago bat eskaintzeko» hartu dute, jatorrizko kokalekuak ez baitzuen espero zen jendetzarentzako adinako edukierarik.
Hasierako espazioa txiki geratu da
Joan den abenduan iragarri zuten kontzertua taldearen azken agurra izango dela, eta Gernikan bertan eskainiko duten azken emanaldia izanik, espero baino erantzun handiagoa izan du ekitaldiak. Horren aurrean, San Kristobaleko aparkalekura aparkalekura aldatzea erabaki dute, Lurgorri auzoan dagoen gune honek 10.000 lagunentzako edukiera duelako.
Sarrera gehiago salgai
Leku-aldaketarekin batera, sarrera gehiago jarri dira eskuragarri, bai www.haziberri.eus webgunean, bai Gernikako turismo bulegoan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, datozen asteetan emango dute ezagutzera arratsaldean hasiko den kontzertuaren kartela osatuko duten musika taldeak.
Kontzertu berezia agur urtean
Gatibu taldeak 25 urteko ibilbideari agur esango dio aurten, eta Gernikan eskainiko duen azken kontzertuak «esangura berezia» izango du. Taldeak nabarmendu duenez, «Gernikak Gatiburi emandakoa eta Gatibuk Gernikari eskainitakoa batuko dira ekainaren 7ko gau magikoan», eta zaleek “errepertorio eta izaera propioa izango duen kontzertu kañeroa” biziko dute.