Herenegun, larunbata, Agurainen egindako AEKren Nazio Batzarrean grabatu zituzten lehen irudiak Jalgi Hadi dokumentalerako. AEK-Korrikak eta Mirokutana ekoiztetxeak abiatu dute proiektua, eta kanpaina finantzatzeko bidean lehen pausoa emanda dago.
Jalgi Hadi dokumentala ekoizteko, crowdfunding kanpaina bat jarri dute martxan AEK-Korrikak eta Mirokutana ekoiztetxeak. Proiektu honen bidez, euskararen aldeko ekimenik handiena, Korrika, barrutik ezagutarazi nahi dute, eta bide batez, euskararen gaur egungo egoeraren inguruan gogoeta egiteko leiho bat zabaldu.
Herenegun, Agurainen egindako AEKren Nazio Batzarra baliatu zuen Ander Iriarte zinemagileak dokumentalerako lehen irudiak hartzeko. Egun horretan bertan, kanpainak 10.000 euroko muga gainditu zuen, gutxieneko finantziazioaren herena. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, oraindik 27 egun dituzte helburua betetzeko. «AEK-Korrikatik gure esker ona helarazi nahi dugu. Badator euskararen hurrengo berpizkundea!» adierazi dute.
Korrikaren bihotzean barrena
Dokumentalak Korrika barrutik bizitzeko aukera eskainiko du, eta aldi berean, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartuko du. Batetik, ekimena aurrera eramaten duen taldearen lana eta erronkak erakutsiko dira; bestetik, hainbat euskaltzale eta adituren ahotsetatik jasoko da hausnarketa: soziologo, antropologo, politikari eta kulturgileen ikuspegia bilduko da.
Mirokutana eta Iriarteren ibilbidea
Dokumentala Mirokutana ekoiztetxeak ekoitziko du, euskal kultura, giza eskubideak eta lankidetza oinarri dituen ikus-entzunezkoen sortzaileak. 2016an sortua, Mirokutanak hainbat lan nabarmen ekoitzi ditu ordutik: Emarri, Judoka, Komando Marmitako, Karpeta Urdinak edota Indarkeriaren Oi(h)artzunak, azken honen bidez Malagako Zinema Jaialdian Zilarrezko Biznaga jaso zuelarik Ander Iriartek.