AEBtako Gobernuak urrats berri eta polemiko bat eman du unibertsitateetan izandako mobilizazioei erantzunez. Urtarrilaren amaieran, Donald Trumpen administrazioak dekretu bat sinatu zuen “antisemitismoaren aurkako borroka” izendatuta, baina, praktikan, Palestinaren aldeko ekintzak zigortzeko baliatu da.
Dekretu horren ondorioz, dagoeneko 300 ikasleri AEBetan egoteko baimena kendu diete. Gobernuak adierazi du neurri horiek Hamasen aldeko jarrera dutenen aurka direla zuzenduta, baina askok salatu dute Palestinako genozidioaren aurkako salaketetan aritu diren ikasleak direla zigortuak izaten ari direnak.
Atxiloketak eta kanporatzeak
Neurriak ez dira soilik administratiboak izan. Poliziak zenbait ikasle atxilotu ditu, horien artean tesia amaitzen ari den Rumeysa Ozturk turkiarra eta Mahmoud Khalil palestinar gaztea, Columbiako Unibertsitateko ikasle ohia. Bien aurka ezarritako salaketa nagusia: Palestinaren aldeko adierazpenak egitea.
«Adierazpen askatasunaren aurkako neurri hauek larriak eta kezkagarriak dira», azaldu du unibertsitateko irakasle talde batek adierazpen batean.
Alemania, bide berdinean
Bestetik, Alemaniak ere hartu ditu neurriak Palestinaren alde egin duten herritarren kontra. Lau pertsonaren kanporatzea tramitatzen ari dira, Palestinaren aldeko ekimenetan parte hartzea egotzita. Giza eskubideen aldeko hainbat erakundek jarrera hau salatu dute, protesten kriminalizazioa dela ohartaraziz.
Geroz eta handiagoa den kezka
Mundu akademikoan eta gizarte zibilean gero eta ozenagoa da salaketa: ikasleen eskubideak murrizten ari dira, eta protesta baketsuak jazartzen. Unibertsitate askotatik elkartasun mezuak bidali dituzte, eta mobilizazio berriak iragarri dira.
«Ez da onargarria adierazpen baketsuak zigortzea. Ikasleen ahotsa isilarazi nahi izatea oinarrizko eskubideen aurkako erasoa da», adierazi du New Yorkeko ikasle sare batek.