Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bere ingurumen aztarna kalkulatu du EHU-Aztarna izeneko ikerketa-taldearen bidez, eta emaitzek garraioa jarri dute fokuan. Azterketaren arabera, unibertsitatean egiten diren jardueren artean, garraioa da ingurumen-inpakturik handiena sortzen duen faktorea, energia-kontsumoaren %60a suposatzen duelako.
Horrez gain, azpiegitura informatikoek (%9,6) eta sortzen diren hiri hondakinak errausteko prozesuak ere eragin handia dute. EHUk adierazi duenez, ingurumenarekiko eragina gutxitzeko «gako nagusiak garraio ohiturak aldatzea eta aurrez aurreko zein online jardueren arteko oreka bilatzea» dira.
Azterketa zabal eta zehatza
Ez da karbono aztarnan soilik oinarritutako ikerketa izan: unibertsitateko jardueren bizi-ziklo osoa hartu da kontuan. OpenLCA programa, Ecoinvent datu-basea eta CML Midpoint ebaluazio metodologia erabili dituzte ikerketa egiteko, eta horri esker, hainbat inpaktu kategoria kuantifikatu ahal izan dira.
Besteak beste, honako inpaktuak neurtu dituzte: erregai fosilen eta baliabide naturalen agortzea, toxikotasuna lurrean eta uretan, ozono-geruzan duen eragina, eutrofizazioa, azidotzea, partikula kutsatzaileen emisioa eta atmosferaren oxidazio fotokimikoa.
Hezkuntzatik jasangarritasunerantz
EHUk nabarmendu duenez, azterketaren emaitzak baliagarriak izan daitezke etorkizun jasangarriago baterako bideak irudikatzeko. «Ingurumen aztarnaren kalkulua tresna lagungarria da ingurumenarekiko konpromisoa hezkuntza sisteman txertatzeko», adierazi dute.
Gainera, metodologia hau beste hezkuntza-erakundeentzat ere erabilgarria izan daiteke, ikertzaileen esanetan: «Erakunde bakoitzak bere jarduerek ingurunean duten eragina hobeto ulertzeko aukera ematen du, eta jasangarritasunean oinarritutako ereduen diseinua susta dezake».
InpAkta, ezagutza partekatzeko espazio berria
Lan hau ‘InpAkta’ aldizkariaren lehen zenbakian argitaratu da. Sarbide irekiko eta diziplina anitzeko aldizkari zientifiko hau Akitania Berria, EAE eta Nafarroako Euroeskualdeko ikerketa-erakunde nagusien babespean sortu da. Helburua da kalitate handiko eta gizartean eragin zuzena duten ikerketak argitaratzea, hezkuntza eta zientzia komunitate osoa elkarlanean jartzeko.