Donostiako Manteo auzoan eraikitzen ari diren GOe –Gastronomy Open Ecosystem– zentro berriak ateak irekiko ditu datorren urrian. Gastronomiaren eta berrikuntzaren arteko elkargune izateko sortu den proiektu honek prestakuntza espezializatua, ikerketa gastronomikoa, ekintzailetza sustatzeko programak eta herritarrei zuzendutako jarduera-eskaintza zabala izango ditu ardatz.
“Errealitate gero eta ukigarriagoa”
Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariaren esanetan, «GOe errealitate bat da, gero eta nabariagoa eta ukigarriagoa». Aizegak adierazi duenez, eraikuntza lanak epe barruan daude eta plana “zorrotz” betetzen ari dira. Haren hitzetan, GOe «Euskal Autonomia Erkidegoarentzat proiektu estrategiko» gisa definitzen da.
Azpiegitura aitzindaria eta hiru fasetako inaugurazioa
Zentroak hainbat espazio berritzaile izango ditu: zortzi sukalde, hamar laborategi, analisi sentsorialerako gela, sormenerako gunea, ikus-entzunezko estudioa, mila metro koadroko bi coworking gune, enpresentzako eta ikasgelentzako espazioak, balio anitzeko gelak, 200 lagunentzako auditorioa, eta esperimentaziorako jatetxe bat, besteak beste.
Inaugurazioa hiru fasetan garatuko da: lehen fasea auzoari eta hiriari begirakoa izango da, bigarrena instituzionala, eta hirugarrena komunitate gastronomikoari zuzendua.
Amaierako lanak: barneko egokitzapenak eta kanpoaldeko lorategia
Eraikinaren egitura amaituta, barruko instalazio, zatiketa eta akaberei ekingo diete orain; eta kanpoaldean, lorategidun estalkiak eta fatxada izango dira hurrengo urratsak. Proiektua Bjarke Ingels Group (BIG) estudio ospetsuak diseinatu du, eta Construcciones Amenabar enpresak ari da eraikuntza lanak gauzatzen.
Ezbaian jarritako espazioa
Hala ere, proiektua ez da polemikarik gabe sortu. Hasieratik, hainbat herritar eta hiriko eragilek ahotsa altxatu zuten Manteon proiektua egiteko aukeratutako kokapenaren aurka, han zegoen gune berdearen suntsipena salatuz. 2023an Irutxuloko Hitza egunkariak egindako erreportajean jaso ziren aldeko eta aurkako iritziak.
GOe zentro berria BCCk gidatutako egitasmoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak babesten dute.