Goizean goizetik, artaldeek hartu dituzte Ordiziako kaleak. 1.500 ardi inguruk, bost artaldetan banatuta, Alde Zaharreko eta Kale Nagusiko bazterrak zeharkatu dituzte, Artzain Egunaren baitan. Urtero bezala, transhumantziaren irudi bizi bihurtu da herria, artzainen lana eta kultura goraipatzeko helburu argiarekin.
Gazta berria, sukaldari entzutetsuen eskutik
Julen Baz eta Peli Perez de Anuzita sukaldariek, Dimako Garena jatetxekoek, izan dute aurten Idiazabal gazta berriaren lehen mozketaren ardura. Ekitaldi sinboliko honek ematen dio hasiera gazta-denboraldiari, eta aurkezpen horretan, gazta honen balioa nabarmendu da: tokian tokikoa izatea eta belaunaldiz belaunaldi zaindutako jakintza islatzea.
“Latxa ardirik gabe ez genuke gure gazta maitea ezagutuko”
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azpimarratu duenez, latxa ardien eta artzainen arteko loturak ezinbesteko egiten du Idiazabal gaztaren existentzia bera. «Latxa ardirik gabe ez genuke ez artzainik, ez esnerik, ez Idiazabal gaztarik, ez eta gure mendietako paisaiarik ere», adierazi du. Gaztak gure herriaren izaerarekin duen lotura ere nabarmendu du: «Gurea da, eta gure lurraldean sortua denez, dastatzen dugun bakoitzean emozio berezi bat pizten du».
Sari eta omenaldi eguna
Ez da faltatu aitorpenik ere. Marta Perez Loperenak, Egozkueko Loperena gaztandegiko artzainak, jaso du gaztaren erregulartasunaren saria. Bestalde, Idiazabalgo Goiburu gaztandegiak izan du gaztandegien kategorian nabarmena izateko ohorea.
Omenaldirik ere egon da: ETB2ko Vascos por el Mundo saioko lantaldea saritu dute, euskaldunak munduan barrena dabiltzala, Idiazabal gazta ere haiekin batera zabaltzen laguntzeagatik.
Ekintza ugari herriko plazetan
Garagartza plazan izan da jardunaldiaren beste epizentroa: ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa, errapeen azoka, ardi mozketa erakustaldiak… Eta jakina, janari goxoak ez dira falta izan. Carlos Ibarrondo sukaldariak Eusko Label bildotsak prestatu ditu burruntzian, eta pintxoen bidez bildutako dirua Aspanogi elkartearentzat bideratuko da aurten.
Txikienei ere eskaini zaie tokia: ‘Artzainen herri kirolak’ izeneko jolasen bidez, artzaintzaren mundua gertutik ezagutzeko aukera izan dute Nikolas Lekuona plazan.
Egitasmo partekatua
Ordiziako Udalak antolatu du eguna, eta bidelagun izan ditu ELE Gipuzkoa ardi-latxa elkartea, Lurgintza, Idiazabal Jatorri Izendapena eta Idiazabal Gaztaren Kofradia. Guztiek bat egin dute egun berezi hau berriz ere herritarren eta bisitarien gozagarri bihurtzeko.