Astelehen honetan, eguerdiko 12:30ak inguruan, argindar eten orokor batek astindu du Estatuko lurralde zabala, eta baita Euskal Herria, Portugal eta Frantziako zenbait eremu ere.
Egoera Euskal Herrian
Euskal Herrian, itzalaldia 13:30 ingurutik aurrera hasi da konpontzen, Donostian lehenik eta Bilbon gero. Hala ere, egunerokoan eragina nabarmena izan da: Petronorreko Muskizko instalazioetan, ke beltz zutabe handiak ikusi dira, sare elektrikoa ordezkatzeko sorgailuak aktibatu dituztelako.
Suhiltzaileek lan handia izan dute, batez ere igogailuetan harrapatutako pertsonei laguntzeko. Gasteizen 50 esku-hartze baino gehiago egin dituzte, Bilbon ere antzeko kopurua izan da, eta Donostian 20 bat kasu artatu dituzte. Garraio publikoan ere, tranbia eta tren zerbitzuen etenek ilara luzeak eta nahasmena eragin dute, batez ere Bilbon, nahiz eta lasaitasuna nagusitu den.
Espainiako Gobernuaren azalpenak
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak 18:00ak pasata agerraldia egin du, eta baieztatu du Estatuko zenbait eremutan argindarrik gabe jarraitzen dutela. «Oraindik ez dakigu noiz amaituko den egoera hau», aitortu du, eta itzalaldia «Europako sistema elektrikoan izandako oszilazio bortitz» bati egotzi dio. Hala ere, zibereraso baten aukera ere ikertzen ari dira, nahiz eta momentuz ez duten baieztapenik egin.
Sanchezek nabarmendu duenez, «ez da momentua espekulazioetarako», eta jakinarazi du Europako beste herrialdeekin eta NATOrekin elkarlanean ari direla gertatutakoa argitzeko.
Premiazko neurriak eta gomendioak
Presidenteak adierazi du Madril, Andaluzia eta Extremadurako erkidegoek 3. mailako larrialdi egoera ezarri dutela, Estatuaren kontrol zuzena bermatzeko. Bestalde, herritarrei eskatu die «ezinbestekoa ez den mugikortasuna» saihesteko, telefono mugikorren erabilera «neurrizkoa» egiteko, eta 112 larrialdi zerbitzura soilik benetako behar kasuetan deitzeko.
Ospitaleen kasuan, Sanchez pozik agertu da, ospitale gehienek sorgailuen bidez jarduera mantendu dutelako.
Eskertzak nazioarteko laguntzari
Euskal Herrian eta iparraldeko beste zenbait tokitan energia lehenago berreskuratu ahal izan dute Frantziaren laguntzari esker. Antzeko egoera bizi izan da Andaluzian, Marokoren kolaborazioari esker. Sanchez presidenteak eskerrak eman dizkie bi herrialde horiei «momentu zail hauetan» emandako laguntzagatik.