Atzo eguerdian, 12:30 inguruan, Euskal Herria argindarrik gabe geratu zen gorabehera tekniko baten ondorioz. Egoera berehala larria bihurtu zenez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euren larrialdi planak aktibatu zituzten.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak Krisi Mahaia eratu zuen atzoko arratsaldean itzalaldiaren ondorioak aztertzeko, eta Babes Zibileko Planaren alerta fasea ere martxan jarri zuen. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, 15:00etan Bilboko Txurdinaga auzoan dagoen Larrialdiak Koordinatzeko Zentrotik egindako prentsaurrekoan, nabarmendu zuen «egoera kontrolpean dagoela eta argindarra poliki-poliki berreskuratzen ari dela».
Aurretik, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Zupiriak «herritarrei lasaitasuna» eskatu zien eta adierazi zuen erakunde eta zerbitzu nagusietan argindarra «berrezarria» izan zela. Halaber, gogorarazi zuen 112 telefonoa «larrialdi kasuetarako soilik» erabiltzea ezinbestekoa dela, «sistemaren kolapsoa saihesteko».
LABIren bilera deitua
Arratsaldean, Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak ere mezu berbera zabaldu zuen, herritarrengan lasaitasuna bultzatzeko. Bere adierazpenetan aurreratu zuen Jaurlaritzak LABIren bilera deituko zuela atzoko itzalaldiaren inguruko egoera xeheki aztertzeko.
Nafarroan ere neurri bereziak
Bestalde, Nafarroako Gobernuak ere ezohiko neurriak hartu zituen. Larrialdi Plana 2. fasean aktibatu zuen eta krisi kabinetea bildu zen egoerari erantzun koordinatua emateko. Amparo Lopez Segurtasun kontseilariak hartu zuen «larrialdiaren aginte bakarra», Gobernuak jakinarazi zuenez.
Oraingoz, argindar sarearen egoera egonkortzen ari da, baina agintariek ohartarazi dute alerta egoerari eutsiko diotela datozen orduetan, «beharrezko neurriak» hartzen jarraitzeko.