37 urteko ibilbide oparoaren ondoren, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek herritarren omenaldi erraldoia jaso zuten larunbatean Barakaldoko BECen. 14.000 lagunek parte hartu zuten ekitaldian, eskerrik asko handi bat bihotzez kantatzeko.
Sudurgorri bihurtutako herria
Larunbateko arratsaldeak giro berezia izan zuen Barakaldon. Atea zeharkatu orduko, BEC! kolorez eta irri zirtzilez bete zen. Jendea pozarren zegoen, eta oraindik ikuskizuna hasi gabe zela, ikusleen artean dantzak, kantak eta irribarreak nonahi zabaldu ziren.
Intza Alkain eta Beatriz Egizabal aritu ziren aurkezle lanetan, eta haiekin batera Bonberenea Txaranga, Aner Peritz eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Landarbaso abesbatza eta adar jotzaileak aritu ziren sarrera girotzen. Atea 15:30ean ireki zen eta ekitaldi nagusia 17:00etan hasi zen, bi ordutik gorako iraupenarekin.
Publikoan denetariko jendea elkartu zen: familia osoak, belaunaldi ezberdinak eta sudurgorri ttikiak. Batzuek pailazoen panpinak ekarri zituzten, besteek aurpegia margotuta zeramaten. Festa hasi aurretik bazen jaia.
Maitasuna, oholtza gainean
Ekitaldiaren hasieran, Maialen Lujanbiok “Maitasunaren manifestua” irakurri zuen oholtza gainean. Testuak, poesiaz josita, maitasunaren aniztasuna eta garrantzia azpimarratu zuen: «Ma, tasun. Dena da maitasuna. Eta zenbat eta gehiago eman, orduan eta gehiago guregan».
Ondoren, Landarbaso abesbatzak agertokia bete zuen, haur eta gazteekin. Ines Osinagak, Xabi Solanok eta Lide Hernandok, dantzari eta haurrekin batera, “Irri egiten duenari” abestiaren bertsio berezia eskaini zuten. Aurkezleek ikusle guztiak gonbidatu zituzten aurpegian irribarre gorri bat margotzera. Irri kolektiboa, ikus-entzule eta sortzaileen artean partekatua.
Oroimenak eta bizipozak
Pantaila handian, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen atzean dauden pertsonek hartu zuten protagonismoa, eta euren ibilbidearen atalak gogoratu ziren bideo hunkigarri batean. Egiazko talde-lan baten fruitua dela azpimarratu zen: gidaritza, atrezzoa, furgoneta, entseguak eta ospitaleetako bisitak, guztiak funtsezkoak direlako.
Oholtza geroz eta irekiagoa bihurtu zen: Eugeni Altzibarrek bere testigantza partekatu zuen, Verdini dantza taldeak bere doinu eta mugimenduekin giroa goxatu zuen, eta “Bizipoza auzolan” kantuarekin jantzi zen dena. Igor Elortza, Olatz Salvador eta Oreka TX elkartu ziren kantuan, eta beraiekin gurpildun aulkidun dantzariak, interpreteak eta koreografia garaikideak.
Minari bizitza: Ane Pirata eta Aspanogi
Gogoratzeak eta aitortzeak tarte berezia izan zuten ekitaldian. Aspanogiko kideek Ane Pirata oroitu zuten: minbiziaz hil zen neskatxa ausarta eta bizi gosez betea. Bere omenezko pasarteak ikusleen bihotzak ukitu zituen, batez ere kontatu zutenean nola dantzatzen zegoen ospitalean “Maite Zaitut” kantua entzun zuenean.
Julio Sotoren bertsoak eta Uxue Alberdik eta Eñaut Elorrietak kantatutako “Ane Pirata” abestiak isiltasuna sortu zuten aretoan. Postaletako mezuak trukatzeko eta itsasontzi formako paperezko oroigarriak egiteko gonbita ere hunkigarria izan zen.
Palestina, eskubideak eta konpromisoa
Ekitaldiak begirada internazionala ere izan zuen. Sol Bandeko abeslari palestinarrek “Gure haurrak txoriak dira zeruan” abestia eskaini zuten, Rafah-ko kanpamenduetako dolua eta itxaropena islatuz. Txalo beroak eta “Palestina askatu” oihuak zabaldu ziren.
Gero, Itziar Ituño, Amets Arzallus, Ramon Agirre eta Sambou Diaby oholtzara igo ziren eskubideen inguruko hausnarketa kolektibo bat egiteko. Arzallusek hitz gordin eta zuzenez esan zuen: «Eskubideak ez dira eskatzen, praktikatzen dira», eta Joxemielen hitzak gogorarazi zituen: «Euskararen alde, hitz egin, motel, hitz egin».
Maite zaituztegu, bihotzez
Azken zatian, Bonberenea Txaranga lagun, pailazoak pistara sartu ziren, publikoaren artean ibilita. Jendeak zutik hartu zituen eta “Maite zaitut” kantuaren oihuak Bizkaia Arenako sabaia jo zuen.
Agurraren unerik berezienean, Ane Labakak esker onaren manifestua irakurri zuen: «Zuek eman diozue bihotz forma Euskal Herriari». Bere hitzek, iragan oso bat gogora ekarri zuten: ospitaleetako bisitak, belarrietako musuak, egindako deiak, emandako besarkadak.
Oholtzara igotako pailazo gazteek, belaunaldi berriaren indarra erakutsi zuten. Etorkizuna badela agerian geratu zen, eta hunkidura puntu gorenean, “Agur bat, lagun maite” kantatu zen.