Itsasu eta Bidarrairen artean sortutako Maskak taldeak urrats berri bat egin du euren ibilbidean. 2024an Buruz buru lehen diskoa plazaratu ostean, eszenatoki anitzetan beren lana aurkeztu dute, eta orain, lan berrirako bidea zabaltzeko, Ameslari kantua eta horren bideoklipa argitaratu dituzte. Pop rocka eta elektronikaren arteko fusioarekin osatutako soinu atmosferikoan, oraingoan maskulinitate eredu hegemonikoen inguruko gogoeta sakona jarri dute erdigunean.
Kantuan azaltzen den protagonistak ez du bere burua aurkitzen gizarteak eskaintzen dizkion bizitza moldeetan. «Gizon galdua da lehen koplan, eta ez du bat egiten proposatzen zaizkion ibilbideekin», azaldu dute taldekideek. Bizi eredu horiek ez dira berak hautatuak, eta ingurukoen presiopean sortuak direnez, bere bidea eraiki beharra sentitzen du, izarrek —edo gizartearen arauek— zer izan behar duen agintzen ez dioten bitartean.
Bigarren koplan, haurtzarotik jasotzen diren mezu estandarizatuei begira jartzen dira. “Malkoak irriz irenstea” bezalako irudi poetikoaren bidez, gizarteak gizonei emozioak ezkutatzeko eskatzen diela salatzen dute, eta horrek, azkenean, norberaren barne osasunari eta harremanari kalte egiten diola. Taldearen esanetan, maskulinitate eredu murriztaileek ez diete soilik beste kolektiboei zapalkuntza eragiten, baizik eta gizonei beraiei ere askatasunak ukatzen dizkiete, lotsaren eta begiradaren beldur bizitzera behartuz.
Maskak taldea ez da mezurik gabeko doinuen zale. Musika bidez, gaur egungo gizartearen erronkei erantzuteko borondatea erakutsi dute beste behin, eta Ameslari-rekin, gizon izatearen inguruko ikuspegi berri eta osasungarriago bat proposatu nahi dute. Estilo anitzeko musika eta gogoeta sakona uztartuz, entzuleari galderak egiteko eta sentitzeko espazio bat ireki diote, atmosfera berezi baten bidez.