Adingabe transexualen familien elkartea den Naizenek antolatu du biltzarra, EHUren Bizkaia Aretoan. Atzoko jardunaldian, 400 profesionaletik gora bildu ziren, eta gaur ere segida izango du topaketak. Lehen jardunaldian ez ziren falta izan agintariak ere: Imanol Pradales lehendakaria, baita Alberto Martinez (Osasun eta Ongizate) eta Nerea Melgosa (Justizia eta Erronka Demografikoa) sailburuak ere, besteak beste.
Biltzarrari hasiera eman zion Aingeru Mayorrek, Naizeneko sortzaile eta EHUko irakasleak. Bere hitzetan, azken hamarkadan aurrerapen esanguratsuak izan dira, baina gaur egungo egoerak «kezka handia» eragiten du. «Duela 15 urte transexualitatea ikusezina zen. Gaur egun, ordea, bere identitatea onartua duen belaunaldi batez ari gara», azaldu zuen.
Sexu identitatearen ulermena eta osasun emozionala
Mayorrek argi utzi zuen sexu identitatea ez dela genital edo kromosometan oinarritzen: «Prozesu kognitiboen ondorio da, eta gizarteak baldintzatzen du erabat». Bere ustez, ezinbestekoa da ulertzea izatea eta edukitzea ez direla gauza bera.
Haur eta gazte transexualen osasun emozionala ere hizpide izan zuen. Identitatea ukatzeak eragin kaltegarriak izan ditzakeela nabarmendu zuen: «Depresioa, larritasuna edo bizitza uzteko desira agertzen dira». Gainera, trantsizioa pubertaroa igaro ondoren egiten denean, sufrimendua areagotu egiten dela adierazi zuen.
Halaber, profesional espezializatuen gabeziaz ohartarazi zuen: «Gaur egun, unibertsitateetan ez dago transexualitateari buruzko espezializaziorik».
Zerbitzu gehiago, arreta hurbilagoa
Pradales lehendakariak jakinarazi zuen EAEn unitate berriak irekiko direla Lehen Arretan, sexu-aniztasunean trebaturiko psikologoekin. Zerbitzu horiek eskualde guztietan egongo dira, pertsona transexualentzako arreta espezializatuagoa bermatzeko helburuarekin.
Gainera, Osakidetzak egiten ari den lana azpimarratu zuen, bereziki Gurutzetako Ospitaleko Genero Identitatearen Unitatea, zeinak 2011tik 1.300 pertsona baino gehiago artatu dituen.
Bere hitzaldian, Pradalesek ikuspegi murriztaileei aurre egiteko deia egin zuen: «Mutilak zakildunak eta neskak aludunak direla esatea ikuspuntu okerra da. Egiari begiratzeko betaurreko bidezkoagoak behar ditugu».