Skype aplikazioak bere ibilbideari amaiera eman dio maiatzaren 5ean. Microsoft-ek duela bi hamarkada baino gehiago sortutako mezularitza tresna ezagunak, behin betiko itxi ditu bere zerbitzuak.
Teams, Skype-ren lekukoa hartzeko
Microsoft-ek otsailean iragarri zuen bezala, Skype-k jarduera eten du astelehen honetan, baina erabiltzaileek uztailaren amaierara arte izango dute aukera beren kontaktuak eta txat-historiala esportatzeko, edo zuzenean Microsoft Teams-era aldatzeko.
Konpainiatik azaldu dutenez, Teams-ek Skype-ren funtzionalitate nagusiak eskaintzen ditu, eta erabiltzaileek bere ohiko datuekin saioa hasi ahal izango dute, kontaktuak eta elkarrizketak automatikoki transferituko zaizkielarik.
Telefonia-funtzioen amaiera
Aldaketarekin batera, Microsoft-ek Skype-ren telefono-deien funtzioa ere ezabatu du. Hori izan zen, hain zuzen ere, aplikazioak 2000ko hamarkadaren hasieran lortutako arrakastaren giltzarrietako bat, erabiltzaileei aukera ematen baitzien telefono arruntetara deitzeko, konpainia telefonikoen ordainketarik gabe.
Funtzio hori, ordea, desagertzen joan zen mugikor adimendunen eta FaceTime edo WhatsApp bezalako aplikazioen gorakadarekin.
Gainera, pandemiaren garaian, bideokonferentzien beharra nabarmen handitu zenean, erabiltzaile askok Zoom bezalako alternatibak hobetsi zituzten Skype-ren ordez.
Jatorria eta bilakaera
Skype 2003ko abuztuaren 29an sortu zen Estonian, Tallin hirian, eta 2011n Microsoft-ek 8.500 milioi dolarren truke erosi zuen.
Urteen poderioz, Microsoft-ek bere tresna berriak garatzeko baliatu ditu Skype-ren esperientziak. Jeff Teper-ek, Microsoft 365-ko Aplikazio eta Plataforma Kolaboratiboen arduradunak, honela azaldu du: «Urte hauetan guztietan Skype-ren bidez asko ikasi dugu, eta ikaskuntza hori Teams-en garapenean aplikatu dugu». Eta gaineratu du: «Orain momentua iritsi da: bezeroentzat prozesua sinplifikatzeko eta berrikuntza azkarrago eskaintzeko Teams-en zentratuko gara».