Fermin Muguruzaren lau hamarkadako ibilbide musikalari gorazarre egiteko nazioarteko omenaldia prestatu dute Sabor Discos zigilu frantsesak eta Lucha Amada kolektibo alemaniarrak. Ekainaren 13an ikusiko du argia lan berezi honek, eta Jumpup zigiluarekin kaleratuko da.
Hiru binilo edo bi CDko edizio berezian iritsiko da, eta musikaz harago, Muguruzaren eragin internazionalistaz hausnartzen duten testuak ere jasoko ditu: Kirmen Uribek eta Miquel Ramosek idatzi dituzte liburuxkan.
34 artistak abestu dute Muguruzaren errepertorioa
Disko honek ehundura kolektiboa du: 34 artistak parte hartu dute Muguruzaren ibilbidea oinarri hartuta, Kortatu eta Negu Gorriaken klasikoen bertsioak eginez, baina baita Brigadistak Sound System, Euskal Herria Jamaica Clash eta DUTekin grabatutako lanen moldaketak ere.
Hizkuntza aniztasuna eta nazioarteko ikuskera oinarri, hainbat bertsio ezezagun aurkitu ahal izango dira diskoan: japonierazko ‘Sarri Sarri’ bat, mapuche hizkuntzako interpretazio bat, eta lehen aldiz euskaraz abesten duten artista ugari. «Musika, mezuak zabaltzeko tresna izateaz gain, hizkuntzen arteko zubi ere bada», azaldu dute sustatzaileek.
Zea Maysen bertsioarekin zabaldu dute aurrerapena
Diskoaren lehen zapore gisa, Zea Mays taldeak ‘Hay algo aquí que va mal’ abestiaren moldaketa aurkeztu du jada. Kortaturen kanta ezagunenetako baten bertsio hau aurkezpen modura baliatu dute, eta proiektuaren espiritu anitza eta gaurkotasuna islatzen ditu.