Montevideon zendu da astearte honetan Pepe Mujica, esofagoko minbizi larri batek jota, apirilean diagnostikatu ziotena. Heriotzaren berri Yamandu Orsi Uruguaiko egungo presidenteak eman du sare sozialen bidez.
Con profundo dolor comunicamos que falleció nuestro compañero Pepe Mujica. Presidente, militante, referente y conductor. Te vamos a extrañar mucho Viejo querido. Gracias por todo lo que nos diste y por tu profundo amor por tu pueblo.
— Yamandú Orsi (@OrsiYamandu) May 13, 2025
Frente Amplio alderdiko kideek «gizon bat agurtzen dugu gaur, baina betiko markatuko gaituen historia bat besarkatzen dugu» adierazi dute, eta gogorarazi dute Mujicarentzat politika ez zela kargu bat, baizik eta «kausa bat».
Su paso por esta vida fue semilla de conciencia, de ternura y de coraje.
Hoy despedimos a un hombre, pero abrazamos una historia que nos marcará para siempre.Nos recordó que la política no es un cargo, sino una causa.
Que se puede vivir con poco y hacer mucho.Que la humildad,… pic.twitter.com/zGnhvuU9cC
— Frente Amplio (@Frente_Amplio) May 13, 2025
Gerrillari izatetik presidente izatera
Montevideon jaioa 1935eko maiatzaren 20an, Mujica 1960ko hamarkadan sartu zen Tupamaroen askapen mugimenduan. Alias gisa ‘Facundo’ erabiliz, bizitza gerrillari eta nekazari gisa uztartu zuen. Bizi ibilbide horrek 14 urteko kartzela-zigorra ekarri zion, 13 etengabe diktadura militarraren urteetan.
Kartzelaldiak bere izaeran eragin sakona izan zuen. «Ez nintzateke izan naizen pertsona, aurretik bizi izan ez banu», aitortu zuen behin bere autobiografian.
Askatasuna berreskuratu ostean, politika aktibora itzuli zen Frente Amplio alderdiaren barruan. 2005ean gobernura iritsi ziren lehen aldiz, Tabare Vazquezen eskutik, eta Mujica Nekazaritza ministro izendatu zuten. 2010ean, herritarrek bera hautatu zuten presidente, 2015era arte.
Lider xume eta erreferente internazional
Agintean egon zen bitartean, Mujicak hainbat neurri aitzindari bultzatu zituen: marihuanaren eta ezkontza homosexualaren legeztatzea, Guantanamoko presoak eta Siriako errefuxiatuak hartzea, eta baita soldata publikoaren zati handiena ongintzara bideratzea ere. «Munduaren presidente pobrea» deitu zioten, bere bizimodu xumeagatik: 550.000 dolar baino gehiago eman zituen helburu sozialetara.
Euskal jatorria bihotzean
Muxika eta Astigarretako sustraiak zituen Mujicak. XIX. mendean Francisco Mujica Yeregui Tolosatik emigratu zuen Uruguaira, eta familiak euskara mantendu zuen belaunaldi askotan. Mujicak Euskal Herria maite zuen, eta bisita ugari egin zituen bere jatorria ezagutzeko. 2013ko ekainean, presidente zela, Muxika bisitatu zuen, eta harrituta agertu zen: «Pentsatzen dut oso gaizki egongo zirela nire arbasoak, horrelako herrialde eder bat utzi bazuten».
Bere bigarren bidaian, Astigarretan egon zen eta argi zuen: «Ez da gauza bera euskalduna izatea edo espainiarra. Euskal izaera nabarmena da».
Lotura sendoa euskal eragileekin
Uruguain jasotzen zituen Euskal Herriko ordezkari politikoak ere. 2017an, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak eta Sortuko Gorka Elejebarrietak bisitatu zuten Montevideon. Bileran, «bizitzaz hitz egin» zuten eta «bi jakitunengandik ikasi» zutela adierazi zuen Otegik. Mujicak Otegiren askatasunaren aldeko manifestua ere sinatu zuen kartzelan zegoela.
Urte batzuk geroago, telematikoki parte hartu zuen ‘Semillas al viento’ liburuaren aurkezpenean, eta gazteei borroka sozialaren erronkei aurre egiteko dei egin zien: «Borroka etengabea da; helburua da belaunaldi berriak aurrekoen lekua hobetuz betetzea».
Bizitzaren amaiera lasai
Senadore kargura itzuli zen 2020an, baina COVID-19aren ondorioz dimisioa aurkeztu zuen: «Politika gustatzen zait, baina gehiago gustatzen zait ez hiltzea», adierazi zuen orduan umorez.
2024ko apirilean jakinarazi zuen minbizia zeukala, eta urtarrilean bere osasun egoera larritu zela eta ez zuela tratamendurik hartuko. «Nire gorputzak ez du gehiago jasaten», esan zuen. Horrela agur esan dio munduak historiaz eta duintasunaz beteriko bizitza bati, bere herriari eta Euskal Herriari beti lotua egon zen gizonezkoari.