LGTBI+fobiaren aurkako behatokiko zazpigarren txostenak argitara eman duenez, 2024an 24 kasu dokumentatu zituzten guztira Araban kolektiboaren aurkako gorroto jarduerei eta diskriminazioari lotuta. 2023an baino lau kasu gutxiago izan dira, nahiz eta gehienak oraindik ere diskurtso gorrotatuekin eta jarrera diskriminatzaileekin lotuta egon.
Gorroto diskurtsoak eta diskriminazioa, ardatz
Zehazki, jasotako kasuetatik bederatzi gorroto diskurtsoekin lotu ziren eta beste zortzi, diskriminazio egoerekin. Txostenak bost eraso fisiko ere jaso ditu, guztiak egoera ahulean zeuden pertsonen aurka. Ikusgunek nabarmendu du homofobia izan dela eraso gehienen jatorria (11 kasu), eta transfobia eta enebefobia (pertsona ez-binarioen aurkako diskriminazioa) hurrengo jarrera nagusiak izan direla (8 kasu).
Lesbofobiari dagokionez, behatokiko arduradunek «oso kasu gutxi» jaso dituztela adierazi dute, «historikoki kolektibo horrek bizi duen ikusezintasun patriarkalaren ondorioz».
Erasoen kokapena: kalea eta sare sozialak
Kasu gehienak espazio publikoan gertatu dira (7), baina sare sozialetan, gaueko aisialdian, ostalaritzan eta etxe giroan ere jazo dira hainbat gertakari. Ikusgunek gogorarazi du baliabide eta sare sozial ugari daudela halako jarrerak antzemateko eta aurre egiteko, eta nabarmendu du herri-mugimenduetatik ere «konpromiso irmoa» dagoela kolektiboaren eskubideak defendatzeko.
Nazioarteko testuingurua eta kezka
Bestalde, nazioarteko joerek kezkatzen dute behatokia. Izan ere, azken urteotan «emakume transen aurkako oldarraldia areagotu da, eta horrekin batera, azken hamarkadetan borrokatu eta irabazitako eskubide feministak ere arriskuan daude». Ikusgunek ohartarazi duenez, «diskurtso transfobo eta matxistak gero eta gehiago ari dira gure gizartera iristen, bereziki eskuin muturreko eragileen bidez».
Horregatik, «inoiz baino beharrezkoagoa da herri-sareak indartzea eta gorroto-diskurtsoei espaziorik ez uztea», azpimarratu dute.
Elkarretaratzea eta omenaldia larunbatean
Ikusgunek dei egin du larunbatean, maiatzaren 18an, 18:30ean, Gasteizko Foruen Plazan egingo den elkarretaratzean eta argazki kolektiboan parte hartzeko, LGTBI+fobiaren aurkako jarrera irmoa erakusteko.
Egun berean, Ikusgunek eta LGTBI+fobiaren aurkako behatoki estatalak maiatzaren 17ko saria emango diote Olga Serrano fiskalari, A Coruñan Samuel Luiz gaztearen hilketaren epaiketan erakutsitako inplikazio eta konpromisoagatik.
Ikusguneren urteurrena Jimmy Jazz aretoan ospatuko da
Behatokiak sei urte beteko ditu aurten, eta urteurren berezia ospatzeko, ekainaren 14an festa antolatu dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Bertan arituko dira Eusko Princess, Albina Stardust, Divina Comedia eta Turista Sueca talde gasteiztarra. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Jimmy Jazz aretoko webgunean.