Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak medikuntza espezialitateetako egoiliarrak erakartzeko kanpaina abiatu dute. Ekimenaren bidez, «kontratazio baldintza erakargarriak» proposatzen dira, bai soldata aldetik, baita lan giro eta garapen profesionalaren ikuspegitik ere.
Osasun zerbitzu publikoak helburu argia du: «prestakuntza handiena duten profesionalak» bereganatzea, eta horrekin batera, zenbait espezialitatetan dagoen profesional eskasiari aurre egitea. Hala adierazi dute komunikatu baten bidez.
Espezialitate guztietako egoiliarrei zuzendua
Kanpaina espezialitate guztietako medikuei zuzenduta dago, lehen mailako arretako zein ospitaleko profesional izan, eta bai Osakidetzan bertan formatutako zein beste autonomia-erkidego batzuetan trebatu direnei. Kanpainaren bidez, egoiliarrei Osakidetzako lan-taldean sartzeko aukera luzatzen zaie, «Europako osasun sistemarik aurreratuenetako batean».
Hiru urteko kontratua eta 56.600 eurotik gorako soldata
Programa honen baitan, Osakidetzak hiru urte arteko kontratua eskaintzen du, edo bestela, hutsik dauden plazak betetzeko aukera. Oinarrizko urteko soldata 56.629,63 eurokoa da, eta horri gehitzen zaizkio antzinatasuna, ospitaleko jarduera osagarriak eta autoantolatutako zerbitzuak.Gainera, lan baldintzek 28 eguneko oporrak, sei eguneko kontu pertsonaletarako baimenak eta lan-bizitza eta familia uztartzeko eskubideak jasotzen dituzte. Aldi berean, gaixotasun bajan osorik ordainduko da soldataren zenbatekoa eta Itzarri EPSVra sartzeko aukera ere eskaintzen da.
Kontratazio zerrendetan izena emateko epea zabalik
Osakidetzan lan egin nahi duten egoiliarrek aldi baterako kontrataziorako zerrendetan izena eman behar dute. Eskaera egiteko aukera dago jada, bai uztailan prestakuntza amaituko dutenentzat, baita irailean amaituko dutenentzat ere.
Osasun Sailaren eta Osakidetzaren arabera, «mediku espezialitate batzuetan dagoen eskasiari aurre egitea» da gaur egun duten lehentasun nagusietako bat. Alberto Martinez Osasun sailburuak berak sarritan azpimarratu izan du kezka hori.
OPE deialdiak ere interesa piztu du gainera, egoiliar berrientzako programaz gain, Osakidetzak Lehen Mailako Arretako Zailtasun Handiko Esleipeneko OPE deialdia itxi berri du. Guztira 800 profesional baino gehiago aurkeztu dira 143 plaza lortzeko lehian: 653 Familia Medikuntzan, 77 Pediatrian, 90 Psikiatrian eta 25 Haur Psikiatriako estra-ospitaleko plazetan. Eskaeren %10, gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko medikuek egin dute.