Maiatzaren 23 eta 24an egingo den udaberriko bilketa garrantzitsua baino egun batzuk lehenago, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak eta Foru Aldundiak ohartarazpen argia egin dute: biltegia hutsik dago, eta milaka familiaren elikagai-banaketa arriskuan egon daiteke datozen hilabeteetan.
350.000 kilo behar-beharrezkoak
Belen Mendez de Vigo Elikagaien Bankuko presidenteak eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak prentsaren aurrean azaldu dutenez, egoera «kritikoa» da. «Aurten, gutxienez 350.000 kilo elikagai behar ditugu udaberriko kanpainan. Horrela ez bada, ezingo dugu hurrengo hilabeteetako banaketa bermatu», ohartarazi du Mendez de Vigok.
Azaldu dutenez, diru laguntzen eta dohaintzen beherakadak ondorio larriak ekarri ditu: 2023 eta 2024 artean 400.000 kilo galdu dira Europako funtsetatik etorritako laguntzak amaitu direlako, eta horrek 6.000 pertsonari eragiten die zuzenean.
Diru eta elikagai gutxiago
Gainera, lehen lau hilabeteetan iaz baino 70.000 euro gutxiago bideratu dira elikagaiak erostera, eta 2024ko kanpaina orokorra iazkoa baino %6 txikiagoa izan zen, 2022koarekin alderatuta %22 gutxiago. Bestalde, azken orduko bilketak ere beherantz egin du, eta 70.000 kilo gutxiago jaso dira aurten, nahiz eta bilketa-puntu gehiago izan.
«Ez dugu limosna eske ari garela irudikatu nahi, baina gure ardura da gizarteari egoera larri hau helaraztea», adierazi du Mendez de Vigok. «Ez gara kopuruaz soilik ari, baizik eta istorio errealez: lehen ematen zuena orain jasotzen ari da, eta betidanik gutxirekin bizitakoa are gutxiagorekin ari da moldatzen».
Elkartasunerako deia
Diputatu Asensiok azpimarratu du une hau ez dela beste edozein: «Ez gara ohiko kanpaina baten aurrean. Egoera larri honek, Gipuzkoan 17.000 pertsonari eragiten dion banaketa jarraituaren etorkizuna arriskuan jartzen du».
Horregatik, gipuzkoarren elkartasunari deia egin dio berriz ere: «Gure herrialdeak beti eman du erantzun duina. Oraingoan ere hori espero dugu. Apalategiak hutsik daude, baina elkarlanean berriz bete ditzakegu».
Elikagaien Bankuak eskerrak eman dizkio jendarteari
Zailtasunak zailtasun, Elikagaien Bankuak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako herritarrei: «Kanpaina handietan beti erantzun duzue. Badakigu inflazioak eta prezioen igoerak guztioi eragiten digutela, baina guk lan egiten jarraituko dugu, gutxienez egoera larrienean daudenei gutxiago eragiteko».