Azken urteotan bizkortzen ari den joera batek industria automobilaren agertokia goitik behera aldatzen ari da: Txina da orain sektoreko lider nagusia, bai ekoizpenean, bai salmentetan, bai esportazioetan ere.
Munduko autoen %35, Txinan fabrikatuta
2024an, 26 milioi ibilgailu ekoitzi ziren Txinan, munduko produkzio osoaren herena baino gehiago (%35,4). Errekor hori lortuta, Asiako erraldoiak ekoizpenaren hegemonia bereganatu du, Ipar Amerika (11,3 milioi) eta Europar Batasuna (11,4 milioi) atzean utziz. Bitartean, Europako ekoizpena %6 jaitsi da azken urtean.
Esportazioen gorakada historikoa
Txinak inoizko esportazio kopururik handiena lortu zuen iaz: 6,4 milioi auto kanpora bidali zituen. Japonia (4,22 milioi), Alemania (3,18 milioi) eta AEBk (1,43 milioi) nabarmen atzean geratu dira. Datu horiek erakusten dute mundu mailan merkatu berriak irabazten ari dela Txinako industria.
Salmenta eredu berriak eta auto elektrikoen nagusitasuna
Txinak ez du soilik auto gehien fabrikatzen eta esportatzen; baita saldu ere. 2024an, 23 milioi auto matrikulatu ziren han, munduko salmenten %31. AEBk eta EB, hurrenez hurren, 15,2 eta 10,6 milioira iritsi ziren.Gainera, auto elektrikoen gorakadaren epizentroa ere bada Txina. 2024an, munduan saldutako 17 milioi auto elektrikoetatik bi heren (%65) Txinan erosi ziren. Uztailetik aurrera, auto elektrikoek errekuntza-motorrekoak gainditu zituzten salmentetan.
Lehiaren joera berriak Txinan
Txinako auto-merkatuak oso erritmo bizian funtzionatzen du. Ekoizleek modelo berriak astero ia merkaturatzen dituzte eta deskontu handiak eskaintzera behartuta daude. Gobernuak, bestalde, pizgarriak luzatu ditu eta zergen salbuespenekin babesten ditu belaunaldi berriko auto elektrikoak.
Marka tradizionalek geroz eta zailtasun handiagoak dituzte. Volkswagen, Honda, General Motors eta Nissan-en salmentak %24 eta %64 artean jaitsi dira 2020tik 2024ra. Salmentak mantentzen dituen marka bakarra Toyota da, bere ibilgailu hibridoei esker.
Euskal automobilgintza: etorkizun berrien aurrean
Testuinguru global berri honek ondorio sakonak izan ditzake Hego Euskal Herriko auto-industria sendoarentzat. EAEn bakarrik, 300 enpresak osatzen dute sektorea eta 40.000 pertsona enplegatzen dituzte. Fakturazioa 25.000 milioi eurokoa da, BPGren laurdena inguru.
Nafarroan ere, sektorearen pisua BPG industrialaren %25aren bueltan dago. Txinaren lidergoak eta merkatuaren egiturazko aldaketek erronka estrategiko eta teknologiko berriak planteatzen dituzte, eta euskal industriak egokitzapen azkarra behar du posizioari eusteko.