Lakuako Gobernuak ohartarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 70.000 lanpostu galdu daitezke sare elektrikoa indartzen ez bada: 34.000 zuzeneko lanpostu eta 36.000 zeharkako edo eratorriak. Datu hori jasota dago Industria, Trantsizio Energetiko eta Iraunkortasun Sailak egindako txosten batean, Espainiako Sare Elektrikoari eginiko eskaeraren oinarri gisa baliatu dutena.
Deskarbonizazioaren aurrean sare sendoago baten beharra
Txostenak adierazten du deskarbonizazio-prozesuak elektrifikazioa ekarriko duela sektore askotan, baina ohartarazten du industria alorrean aldaketa hori “bat-batekoa eta ia erreakziorik gabea” izango dela. Ondorioz, sare elektrikoa prest ez badago, enpresek ezin izango diote eraldaketa horri eutsi.
Lakuako Gobernuak argi dio: «Industria deskarbonizatzeko eskatzen ari garen erritmora ez egokitzea ekonomiaren kolapsoan eta milaka lanposturen galeran amai liteke».
Gipuzkoa, kaltetuena
Txostenak dioenez, sare egokirik gabe, industriaren itxierak 34.500 lanpostu zuzenei eragingo lieke. Horietatik 13.575 Gipuzkoan galduko lirateke, 10.858 Bizkaian eta 10.080 Araban. Eta zeharkako enplegua kontuan hartuta, 70.000 lanpostu egon litezke arriskuan.
Potentzia handitzeko premia handienak
Epe motzean, potentzia gehigarria beharko duten eremu industrial nagusiak hauek izango dira:
- Bilbo Handia: 900 megawatt
- Durangaldea: 225 MW
- Aiaraldea: 350 MW
- Gasteiz: 260 MW
- Ormaiztegi-Azpeitia ingurua: 400 MW
Era berean, dagoeneko proiektatuta dauden industrialde berriek ere gaitasun handiagoa eskatuko dute.
Eskaerak eta sarearen ezintasuna
Gaur egun, 117 enpresek energia gehiago beharko dute euren deskarbonizazio-prozesurako, eta kalkulatzen da 2.768 MW-ko potentzia gehigarria beharko dela gutxienez. Bestalde, 23 espedientek eskaera egin dute dagoeneko eta ez dira onartu sarearen gaitasun faltagatik: 14 jada martxan dauden enpresak dira, eta 9 beste urte batzuetan kokatu nahi dutenak.
Eragin handiena duten eskaerak hauexek dira:
- Ezkerraldea: 207 MW
- Gasteiz: 65 MW
- Zamudio: 60 MW
Irtenbideak: sareen hobekuntza eta energia berriztagarri gehiago
Gobernuaren esanetan, sare elektrikoa modernizatzea ezinbestekoa da, eta energia berriztagarrien ekoizpena handitu behar da EAEn. Hala ere, ohartarazi dute beharrezkoa dela «zalantzazko proiektuen ugalketari mugak jartzea» eta proiektu “helduenei” administrazio-tramitazioa bizkortzea.