Espainiako Industria eta Turismo Ministerioak 8 milioi euroko laguntza banatu du behin-behinekoz lau euskal enpresaren artean, ibilgailu elektriko eta konektatuaren industriari zuzendutako Perte VEC programaren hirugarren deialdiaren baitan.
Mercedes Benzek jasoko du laguntzarik handiena
Arabako Mercedes Benz lantegiak 5,9 milioi euro jasoko ditu, eta horrez gain, Bizkaiko Acabados Superficiales Berritzen enpresari 880.000 euro esleitu zaizkio, eta Megatech Industries enpresa arabarra 710.000 eurorekin lagunduko dute.
400 milioitik gora jada Euskal Herrira
Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariak adierazi duenez, «laguntza hauek gehitzen zaizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoara jada iritsi diren 400 milioi euro baino gehiagoei». Nabarmendu duenez, «Espainiako Gobernuak argi du ekonomiaren berrindustrializazioan apustu sendoa egitea, eta horren erakusgarri da diru-laguntza hauen etengabeko bideratzea».
Automobilgintzaren sektorearen aldeko apustua
Guztira, Estatu osoan, 21 enpresak jasoko dituzte 41 milioi euroko laguntzak Perte VEC programaren barruan. Rebeca Torro Industria Estatu idazkariak jakinarazi duenez, laguntza horiek «ibilgailu elektrikoaren eta konektatuaren balio-kate osoa bultzatzeko» helburua dute, barne hartuta sistemen, osagaien eta beharrezko azpiegituren garapena.
Torrok adierazi duenez, «automobilgintzaren sektorearen ondoan egoten jarraituko dugu, elektrifikazioaren eta deskarbonizazioaren erronkan lagun». Era berean, ziurtatu du gobernuak «eremu estrategiko guztiak identifikatuta» dituela: industria-eraldaketa, azpiegitura zabaltzea eta eskariaren pizgarriak.