Palestinaren eskubideen defentsan diharduen Ekintza Nazional eta Zibilen Batzordeak salatu duenez, Israelgo agintariek Jerusalemgo tranbia-linearen bigarren faseari ekin diote, «errealitate kolonial berriak inposatzeko eta hiriaren anexio progresiboa sendotzeko saiakera nabarmen batean».
Segregazioaren eta kolonizazioaren tresna
Batzordearen esanetan, proiektu hau ez da garraio-azpiegiturak hobetzeko asmo hutsez egiten. «Tresna arriskutsua da, eta helburu argia du: legez kanpoko kolono-guneak indartzea, nazioarteko zuzenbidea urratuz eta Jerusalemgo palestinarren eskubideen kaltetan» azaldu dute komunikabideetara bidalitako oharraren bidez.
Horrekin batera, ohartarazi dute planak «Jerusalemgo auzo palestinarrak are gehiago isolatzen dituela, hiriaren izaera arabiarra desitxuratzen duela eta errealitate demografiko eta geografikoak aldatzen dituela okupazioaren mesedetan». Horrek, beren iritziz, «gatazkaren konponbide justu bat lortzeko aukerak oztopatzen ditu».
Batzordeak kritikatu du CAF euskal enpresaren parte-hartzea proiektuan. «Trenbidearen hedapenean eta funtzionamenduan parte hartzea —linea eta geltoki berriak eraikitzea, bagoiak eta sistemak hornitzea, eta 25 urtez mantentzea—, Palestinako herriaren eskubideen urraketan parte hartzea da praktikan» adierazi dute.
Era berean, ohartarazi dute CAFen jarrera «Espainiako Gobernuaren jarrera ofizialarekin kontraesanean» dagoela, kontuan hartuta 2024ko maiatzean Espainiak Palestinako Estatua ofizialki aitortu zuela.
Euskal Herritik ere presioa areagotzen
Nazioarteko salaketaz gain, Euskal Herrian ere izan dira protestak CAFen jardunaren aurka. Maiatzaren 13an Iruñean eta 15ean Bilbo, Gasteiz eta Donostian mobilizazioak egin ziren «Nakba ez da gelditzen, Askatasuna Palestinarentzat!» lelopean.
Bukatzeko, Batzordeak eskatu dio Espainiako Gobernuari eta gizarte-eragileei CAFen jarduera ikertzeko eta ««bere nortasun juridikoa kentzeko prozesuak abiarazteko»». Gogorarazi dute, halaber, «Jerusalem Ekialdea nazioarteko zuzenbidearen arabera Palestinako lurralde okupatua dela, eta Israelgo asentamendu-proiektuek ez dutela legitimitaterik».