Nazio Batuen mendeko Meteorologia Munduko Erakundeak (OMM) kaleratu berri duen txosten baten arabera, datorren bost urteetan inoizko tenperaturarik altuenak izan ditzakegu. Aurreikuspenek adierazten dutenez, klima-krisiak gizarte, ekonomia eta garapen iraunkorrean ondorio larriak izango ditu.
Tenperatura arraroen garaia
Txostenak jasotzen duenez, 2025 eta 2029 bitartean urte bakoitzaren batez besteko tenperatura 1,2 eta 1,9 gradu artean izango da 1850-1900 aldikoaren gainetik. Eta %80ko probabilitatearekin zehaztu dutenez, litekeena da, bost urte horietako gutxienez batean inoizko urte beroena izatea, 2024ko errekorra gaindituz.
Horrez gain, %86ko aukera dago urte horietako batean batez besteko globala 1,5 ºC baino gehiago igoko dela industria aurreko garaiarekin alderatuta. Are gehiago, %70eko aukera dago bosturteko batez besteko beroketa ere muga horretatik gora joatea.
Artikoa, bereziki kaltetuena
Txostenak azpimarratzen du Artikoa izango dela beroketarik handiena pairatuko duen eremua: azken 30 urteetako tenperaturekin alderatuta, 2,4 graduko igoera izango du. Hau da, batez besteko globala baino hiru aldiz eta erdi handiagoa.
Ondorio larriak ingurumenean eta bizimoduan
Klima-beroketak areagotu egiten ditu muturreko eguraldi-fenomenoak: bero-boladak suntsitzaileagoak dira, euri oldarraldiak handiagoak, lehorteak gogorragoak, eta izotz-geruzak, glaziarrak eta itsas izotza azkarrago urtzen dira. Horrek guztiak itsas mailaren igoera eta ozeanoen beroketa ekartzen ditu.
«Azken hamar urteak historian neurtutako beroenak izan dira. Tamalez, OMMren txosten honek ez du hobekuntzarik aurreikusten datozen urteetarako, eta horrek ondorio geroz eta kaltegarriagoak dakartza gure ekonomiarentzat, eguneroko bizitzarentzat, ekosistementzat eta planetarentzat», adierazi du Ko Barrett OMMko idazkari nagusiordeak.
Egokitzeko tresnak eta erabakiak oinarri zientifikoarekin
Barrettek azpimarratu duenez, «klimaren etengabeko jarraipena eta pronostiko fidagarriak ezinbestekoak dira erabakiak hartzeko garaian oinarri zientifikoa izateko».
Parisko Akordioa kolokan
Parisko Akordioaren arabera, estatuak konprometituta daude tenperatura igoera 2 gradu azpitik mantentzen, eta ahal dela 1,5 gradutan mugatzen. Zientzialariek ohartarazi dute muga hori gainditzeak muturreko fenomeno meteorologikoak larriagotuko dituela eta klima-aldaketaren ondorioak areagotuko direla. Gainera, gogorarazi dute gradu zati bakoitzak baduela garrantzia.