Lanaren Nazioarteko Erakundeak (OIT) lan-merkatu globalaren aurreikuspenak berrikusi ditu behera eginez, eta 2025erako 53 milioi lanpostu berri sortuko direla iragarri du. Aurretik, 60 milioi enplegu berri espero zituzten. Erakundearen arabera, geopolitikako tentsioek eta merkataritza-nahasmenduek eragindako egoera ekonomikoaren okertzearen ondorio zuzena da aldaketa hori.
Azken “Munduko Gizarte eta Enpleguaren Aurreikuspenen Eguneraketa” izeneko txostenean jaso dute datua, eta ohartarazi dute hazkunde ekonomikoa moteldu dela, Nazioarteko Diru Funtsak (FMI) ere %2,8tik %2,3ra jaitsi baitu 2025erako aurreikusitako BPGaren igoera.
Asia-Pazifikoan enplegu hazkunderik handiena, baina beherantz
Txostenaren arabera, enplegu-hazkunde azkarrena Asia-Pazifikoan izaten jarraituko du, nahiz eta aurretik espero zen %1,9ko igoera orain %1,7koa izango dela aurreikusten den. Ameriketako kontinentean ere, aurreikuspenek behera egin dute: %1,6tik %1,2ra. Europan eta Erdialdeko Asian, berriz, %0,6ko hazkundea mantendu da.
Gilbert F. Houngbo OITko zuzendari nagusiak honakoa adierazi du: «Badakigu munduko ekonomia aurreikusi baino motelago ari dela hazten. Egoera horri, tentsio geopolitikoak eta merkataritza-nahasmenduak gehitzen bazaizkio, eta lanaren mundua eraldatzen ari diren gai sakonei heltzen ez bazaie, lan-merkatuetan ondorio negatiboak izango ditugu ziurrenik».
Muga-zerga politikek milioika lanpostu arriskuan jartzen dituzte
OITren arabera, milioika langilek euren lana galdu dezakete merkataritza-gerrak areagotzen badira. Estatu Batuetako kontsumo-eskarian oinarritzen diren 84 milioi enplegu daude arriskuan 71 herrialdetan —enplegu osoaren %4,3 inguru—.
Horietatik, 55,9 milioi Asia-Pazifikoan kokatzen dira. Hala ere, herrialde kaltetuena Kanada eta Mexiko izan daitezke, non Estatu Batuetako kontsumoak enpleguaren %17,1 baldintzatzen duen. Europan, berriz, 10,1 milioi langilek (%2,7) dute AEBekin lotura zuzena.
OITk ohartarazi duenez, «zenbait langile dagoeneko arriskuan daude muga-zerga handiagoengatik, baina badago zalantzazko egoera handiagoa, zeinak lan gehiago kolpatu ditzakeen». Eragina Estatu Batuetako inportazio-eskarian, merkataritza-desbideratzeetan eta sektore arteko lan-mugimenduan oinarrituko da, eta horrek enpleguaren kalitatea okertzea eragin dezake.
Soldata globalaren pisuak behera egin du hamarkada batean
Azkenik, OITk soldata-masaren eta BPGaren arteko erlazioa aztertu du, eta ondorioztatu du langileen soldaten pisua jaitsi egin dela azken hamar urteetan: 2014an BPGaren %53 zen, eta 2023an %52,4.
Aurreko proportzioa mantendu izan balitz, mundu mailako soldaten masa bilioi bat dolar handiagoa izango litzatekeela kalkulatu du OITk; hau da, langile bakoitzeko 290 dolar gehiago.