Euskal Herrian giro busti eta freskoarekin hasiko dugu astea. Astelehen honetan, goizetik aurrera zerua lainotuta egongo da ordu gehienetan, eta egunean zehar euria egingo du. Ekialdeko zenbait lekutan zaparrada trumoitsuak botatzeko arriskua dago. Hala ere, egunak aurrera egin ahala, euria apaldu egingo da eta egunaren amaieran euri gutxiago espero da.
Tenperaturek beheranzko joerarekin jarraituko dute. Nafarroan izango da jaitsiera nabarmenena, eta, oro har, tenperatura maximoak 20 gradu azpitik mantenduko dira.
Asteartean antzeko eguraldia izango dugu. Ipar isurialdean hodeitza trinkoa izango da, eta euri apur batek bustiko du egunaren zatirik handiena. Hegoaldean, berriz, arratsaldera arte ateri eustea espero da, baina orduak igaro ahala zaparrada trumoitsuak ere izan daitezke. Gaualdean, ordea, atertzera egingo du.
Haizeak iparretik joko du, eta giro freskoak jarraituko du, urte sasoi honetarako ohikoa ez den tenperaturarekin.