Aurtengo Araba Euskaraz Gasteizko Olarizuko lorategian egitea aurreikusita dago, ekainaren 15ean. Hala ere, antolakuntzak azken egunetan jakinarazi duenez, kokapena berrikusten ari dira, lorategien egoera ez baita aurreikusitako baldintzetan.
Grebak sortutako egoera
Azken bi hilabeteetan, Gasteizko parke eta lorategiek mantentze-lanik gabe daramate, Enviser enpresako langileen grebaren ondorioz. Martxoaren 26an hasi zuten lanuztea, lan hitzarmen propioa eta baldintza duinak eskatzeko. Sindikatuen esanetan —ELA, ESK eta LABek osatutako batzordearen arabera—, soldatak ia lanbide arteko gutxienekoan daude eta lan karga handiegia da.
Mantentze-lanik ezean, parkeetako belarra eta sastrakak nabarmen hazi dira, eta intsektu eta akainen ugaritzea ere sumatu da. Ondorioz, Olarizuko lorategiak ez daude egun jendetza handiko jaialdi bat hartzeko baldintzetan.
Aukera guztiak mahai gainean
Antolakuntzak argi utzi du Araba Euskaraz ospatuko dela: «zalantzarik gabe ospatuko da, baina jaiaren egiturari buruzko erabaki egokiena hartzeko bidean gaude». Oraindik ez dute erabaki behin betikorik hartu, baina kokapena aldatzeko aukera mahai gainean dago. Hala ere, behin erabakia hartuta, informazioa «ahalik eta azkarren» emango dutela ziurtatu dute. Herritarren babes eta ulermenagatik ere eskerrak eman dituzte.
Udalaren eta enpresaren arteko negoziazioak
Gatazkaren konponbidea oraindik urrun dago. Langileen eskaerak entzunda, Udalari esku hartzeko galdegin zaio, baina honek adierazi du bitartekari rola baino ezin duela bete. Azken asteetan, Enviserrekin duten kontratua eteteko aukera ere aztertzen ari dira, baina erabakirik hartu gabe dago.
LAB sindikatuak azaldu duenez, atzo bildu ziren Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko zinegotziarekin. Honek azaldu zien txosten juridikoak zain dituztela kontratu eteteko aukera zehazteko. Aldi berean, enpresarekin akordioa lortzeko negoziazioak bultzatzeko eskatu zien greba batzordekoei.