Atzo, Ezkio-Itsason ospatu zuten Gipuzkoako Eskola Txikien 36. festa, «Eskola Txikiak bizirik» goiburupean. Pasa den urtean hartu zuen antolaketa ardura herriak, eta egun osoko egitarauarekin ospatu zuten atzoko eguna, jai giroa eta aldarrikapena uztartuz.
Egurrezko dorre batekin eman zioten hasiera egunari
Goizeko 10:30ean hasi ziren ekitaldiak hasiera ofizialarekin. Eskola Txikietako ordezkariek egurrezko xaflez osatutako dorre bat altxatu zuten, komunitatearen sendotasuna eta indarra irudikatzeko. Jarraian, Ezkio-Itsasoko eskolako ordezkari batek hartu zuen hitza eta gogora ekarri zuen nola duela 11 urte ekin zioten proiektuari udaletxeko ganbaran, ordutik egindako bide luzea azpimarratuz: «Egun 62 haur biltzen ditugu eta urte hauetan guztietan eskola eta komunitateak herriari egindako ekarpena neurtzea zaila den arren, aberasgarria izan da zentzu guztietan».
Zizurkilgo eskolari pasa zioten lekukoa
Ospakizunaren amaieran, lekukoa Zizurkilgo Mendigain Eskolari eman zioten, datorren urtean beraiek hartuko baitute Eskola Txikien festaren antolakuntza.
Agintarien babesa eta Hezkuntza Sailaren iragarpena
Atzoko ekitaldian hainbat eragile sozial, sindikatu, alderdi politiko eta erakundeetako ordezkari ere izan ziren. Tartean egon zen Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburua, eta hark iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro inguru inbertituko dituela Eskola Txikietan.
Pedrosak eskola txikien lana goraipatu zuen: «Helburu argiak eta koherenteak dituzue: ikaslea bere ikaskuntza-prozesuaren erdigunean kokatzen duzue, prestakuntza-eredu aitzindari eta zorrotza eskaintzen duzue eta lidergo sendoa erakusten duzue». Era berean, nabarmendu zuen eskolak herriaren «arima eta etorkizuna» direla.
Eskola txikien pedagogia eredua ere azpimarratu zuen sailburuak, adieraziz metodoak ikasleen aniztasuna eta adin ezberdinen arteko elkarrekintza baliatzen duela: «Honek guztiak metodologia iraultzaileak garatzea ahalbidetu du, behar den begirada eta esku-hartzearekin».
Jai giroa egunean zehar
Atzoko eguna ospakizunez bete zen. Musta perkusio tailerra, txalaparta ikastaroak, Lurra dantza taldea, puzgarriak, Aspaceren saskigintza, altxorraren bila jolasa eta ‘Urteurren festa! Galtzagorriekin’ ikuskizuna izan ziren ekitaldietako batzuk.