Errenteriako bidaia-agentzia batek jarduna eten du ustekabean eta ondorioz, hango bezero askok ez dute oporretako bidaia egin ahal izango, nahiz eta aurretik zenbait ordainketa egin zituzten. Egoera horren aurrean, Kontsumobidek ohartarazpena egin du astelehen honetan, eta hainbat gomendio zabaldu ditu kaltetuentzat.
Iruzur salaketa ikertzen ari da Ertzaintza
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak jada jasota du iruzur salaketa bat, eta agentziaren itxierarekin lotutako ikerketa abiatu dute. Hala ere, momentuz ez dute xehetasun gehiagorik eman nahi izan.
Dokumentazioa gordetzea, lehen urratsa
Kontsumobidek komunikatu baten bidez azaldu duenez, «pertsona asko dira itxierak kaltetu dituenak», eta egoera argitzeko gomendio batzuk eman ditu. Lehenik eta behin, bezeroei aholkatzen die jasotako dokumentu guztiak ordenatu eta gordetzea: kontratuak, ordainagiriak, publizitate-orriak, aseguru-polizen kopiak eta fakturak.
Era berean, gomendatzen du gertatutakoa ahalik eta xehetasun gehienekin idatzita jasotzea, erreklamazio edo salaketa bat egin behar izanez gero erabilgarri izango delako.
Salaketa, aseguru eta kredituei buruzko aholkuak
Iruzur baten aurrean gaudela susmatzen bada, Kontsumobidek adierazi du «garrantzitsua dela salaketa bat jartzea Ertzaintzan». Horrez gain, bidaia-aseguru bat kontratatuta baldin badago, polizaren baldintzak irakurtzea eta, hala badagokio, aseguru-etxeari erreklamatzea gomendatzen da.
Bidaia konbinatuen kasuan —adibidez, ostatu eta garraioa kontratu bakarrean biltzen dituztenak—, Kontsumobidek gogorarazi du Turismo Zuzendaritza dela agintaritza eskuduna.
Bestalde, bidaia ordaintzeko kreditu lotua erabili bada, Konstumobidek argitu du kontratua bertan behera uzten dela automatikoki, eta bankuari erreklamatu behar zaiola. Erantzun egokirik jasotzen ez bada, kexa bat aurkeztu daiteke Kontsumobiden bertan.