Adimen artifizialak gero eta protagonismo handiagoa du gure egunerokoan, baina horrek galdera handiak piztu ditu: nondik jasotzen dute informazioa eta nork kontrolatzen du? Kalitatezko edukirik gabe, Adimen artifizialak teoria konspiratzaileak, informazio zientifikorik gabekoa edo homofoboa zabal dezakete, eta horregatik, iturri fidagarriak behar-beharrezkoak dira haien prestakuntzarako.
New York Times-en salaketa: inflexio puntu bat
2023an, The New York Times egunkari entzutetsuak Microsoft eta OpenAI salatu zituen, ChatGPTren prestakuntzarako bere edukiak erabili zituztela argudiatuta. Egunkariak salatu zuen horrek «egile eskubideen urraketa masiboa» suposatzen zuela, eta milaka milioi dolarreko kalte-ordainak eskatu zituen. Salaketa horrek erreferente bilakatu zuen NYT komunikabide txikiagoentzat, erraldoi teknologikoen aurrean babesteko tresna modura.
OpenAIk hasieran ukatu zuen akusazioen oinarririk bazegoenik, baina hortik aurrera, jarrera aldaketa nabarmena izan zuen, eta hainbat komunikabiderekin akordio ekonomikoak sinatzen hasi zen: News Corp, Axel Springer, Financial Times, PRISA eta Le Monde, besteak beste.
Amazonen mugimendua: NYTk bide berria irekitzen du
Azkenik, joan den ostegunean NYTk amore eman zuen, eta Amazonen Claude adimen artifizialarekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuela jakinarazi zuen. Ez dizkio bere 175 urteko edukien artxibo osoa eman, baina bai edukien laburpenak eta sukaldaritza-errezeta guztiak, Alexa laguntzaile adimendunaren bertsio aurreratuenek erabiltzeko.
Amazonen ordainketa zehatza ez da publikatu, baina New York Times-en akzioek %3ko igoera izan zuten iragarpenaren ostean. Meredith Kopit Levien zuzendari exekutiboak adierazi duenez, «kalitatezko kazetaritzaren balioa ordaindu beharreko zerbait da, eta akordio honek printzipio horrekin bat egiten du».
Kazetaritza eta AIa: noren memoriak eraikiko dituzte?
Kazetaritza independente eta fidagarria Adimen Artifizialaren garapenean oinarrizko pieza bihurtu da. Hala ere, AI modeloek zein komunikabideren edukiekin elikatzen diren gako bihurtzen da, eta horrek, ideologia eta ikuspegi politiko ezberdinak dituzten iturrien artean oreka bat aurkitzea zaildu dezake.
The Financial Times egunkariaren arabera, Amazonen AI modeloak ez du OpenAIren adinako sofistikazio teknikorik, eta horrek ondorioak izan ditzake AI bakoitzaren gaitasunetan eta eskaintzen dituzten erantzunetan.
Txinaren adibidea eta AGIren bila
Ez da kontu berria: DeepSeek AI txinatarraren aurkako kritikak, Tiananmen plazako gertakariei buruzko informazio egiazkorik eskaintzen ez zuela medio, argi erakusten du nori dagokion errealitatea definitzeko ardura. Eta orain, lehiak Google, Amazon eta OpenAIren artean kokatzen da, AGI (Inteligentzia Artifizial Orokorra) izeneko helburuarekin: giza adimenaren mailan jarduteko gai den sistema sortzea.
Horretarako, memoria partekatu fidagarri bat eraikitzea funtsezkoa izango da, eta hortxe dago borroka: norena izango da etorkizuneko super-adimenaren memoria?