Nafarroako Gobernuak Memoria Historikoaren arloan egin duen ibilbidea eta lorpenak partekatu nahi ditu gainerako autonomia-erkidegoekin. Ana Ollo lehendakariordeak, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskararen arloko sailburuak, adierazi du Nafarroako ADN banku publikoa Estatu osoko erkidegoen eskura jarri nahi duela, Madrilen egindako Memoria Demokratikoaren Lurralde Kontseiluan.
ADNaren bidezko identifikazioak: aitzindari Estatuan
Ollok nabarmendu duenez, Nafarroa izan da ADN datu-base publikoa sortzen lehen erkidegoa. 2016an martxan jarri zenetik, 398 espediente ireki dira eta 43 biktima identifikatzea lortu da. ADNaren sekuentziazioaren bidez, frankismoaren eta diktaduraren garaian hildakoen gorpuzkiak identifikatzeko aukera ematen du tresna honek, eta «emaitza onak ematen ari da».
«Gure esperientzia partekatzeko prest gaude, eta uste dugu lankidetza esparru batean, beste erkidego batzuekin elkarlanean eta aurrerapen genetiko berriak baliatuta, identifikazioak areagotu daitezkeela», adierazi du Ollok. Datu-base hau erabiltzen hasi dira dagoeneko beste autonomia-erkidego batzuk, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoa eta Katalunia, hitzarmen zabalagoen bitartez.
Oroimenaren aldeko ekimenak eta AIaren erabilera
Lehendakariordeak azpimarratu duenez, Nafarroak memoria demokratikoaren arloan ekimen sendoak garatu ditu: memoria-lekuen aitortza (Ezkabako gotorlekua kategoria hori jasotzear dago), frankismoaren biktimen identifikazioa, eta sinbologia frankistaren errolda eguneratua edukitzeko beharra.
Era berean, Ollok adierazi du adimen artifiziala erabiltzeko aukerak aztertzen ari direla garai hartako datu-base desberdinetan. Ildo horretan, Nafarroa erreferentzia da Oroibidea bezalako ekimenekin, 23.000 pertsonari buruzko dokumentuak eta bestelako materialak jasotzen baititu.
Finantzaketa eta indarberritze planak
Kontseiluan, memoria demokratikoa bultzatzeko Estatuaren aurrekontuen bidez finantzatutako ekintzen banaketa ere aztertu da. Nafarroak 114.912 euro jasoko ditu aurten, batez ere desobiratzeak eta diktaduraren ondorioen dibulgazioa indartzeko.
Orain arte, 34 desobiratze eta 158 gorpuren berreskurapena egin dira, eta beste 121 prospekzio amaitu gabe geratu dira. Funts horiek, gainera, biktimen aitortzarako eta oroimenaren kultura hedatzeko baliatuko dira, urteko planekin bat eginez eta memoria elkarteekin elkarlanean.