Ozeano Barearen iparraldean, naturak jasaten duen hondamendi ekologikoetako bat pilatzen ari da isil-isilik: plastikoaren uharte erraldoi bat, 1,6 milioi kilometro koadrotara iristen dena. Espainiako Estatuaren azalera hirukoitza duen zabor-gordailu horri “zazpigarren kontinentea” deitzen diote askok, haren tamaina eta eraginaren beldurgarritasuna irudikatzeko.
Plastikoa da nagusi
The Ocean Cleanup erakundeak egindako ikerketek erakusten dutenez, zabor horren %99,9 plastikoa da. Bereziki, arrantza-sare zaharrek osatzen dute ia erdia, eta gainerako hondakin plastikoen artean, botilak, poltsak eta tapak dira ugarienak. Horiez gain, sokak, buiak eta industria-jatorriko mikroplastikoak ere pilatzen dira.
Zabor-multzo hori ez da kasualitatez sortu. Itsas korronte zirkularrek, biraketa erraldoien bidez, gainazalean flotatzen duten hondakinak erakarri eta erdialdean metatzen dituzte. Horrek sortzen du, hain zuzen, plastikoaren kontzentrazioaren epizentroa.
Espezieentzat mehatxu zuzena
Plastiko pilaketa honek ondorio larriak ditu ozeanoko ekosistementzat. Animalia askok —dortokek, izurdeek eta hegaztiek— plastikoa elikagai gisa hartzen dute, eta horrek infekzioak, digestio-arazoak edo, kasurik okerrenean, heriotza eragiten dizkie. Bestalde, plastikoaren presentziak espezie inbaditzaileen hedapena ere erraztu dezake eta arriskuan jarri ekosistema ahulen oreka naturala.
Zergatik ez da garbitzen?
Zabor multzo erraldoi horren aurrean, galdera ohikoa da: zergatik ez da garbitzen? Erantzuna, ordea, konplexua da. Zaborra milioika partikula txikiz osatuta dago, eta horietako asko mikroplastikoak dira, alegia, hauskorrak eta ia ikusezinak. Gainera, ez dira erraz antzematen ez ikusmenez ezta radar bidez ere. Hondakinak guztiz kentzea, gainera, oso garestia litzateke eta, okerragoa dena, behar bezala egin ezean, kalte handiagoa eragin lezake itsas bizitzan.
Konponbideak bidean
Hala ere, egoera konpontzeko ahaleginak ere badaude. The Ocean Cleanup erakundeak garatu dituen gailu autonomoen bidez, hondakin plastikoak itsas bizitzari kalterik egin gabe biltzea lortu nahi da. Teknologia horren bidez, itsasoa garbitzeko prozesua eraginkorragoa eta jasangarriagoa izatea da helburua.