Klima aldaketa ardatz hartuta, Fernando Valladares biologoak hitzaldi mamitsua eskaini zuen atzo Donostian, «Aldaketa klimatikoa: non gaude, non uste dugu gaudela eta nora joan nahiko genuke» izenburupean. CSICeko ikertzaileak EHUko Udako Ikastaroen baitan parte hartu du, informazio-sistemen bidez arriskuak aurreikusi eta gizartea babesteko gaitasunean sakontzen duen jardunaldi batean.
Gizarte ahula, inertziaz mugitua
Hitzaldiaren hasieran, Valladaresek nabarmendu du gaur egungo gizarteek «distiraren eta krisiaren artean egiten dutela dantza», eta ohartarazi du: «kolapso baten atarian gaude, baina ez da harritzekoa, ziklo naturala da». Hala ere, egoera iraultzeko aukera dugu gaur egun, «ezagutza gehiago eta informazioa partekatzeko tresna globalak» ditugulako. Hala ere, ez da baikorra: «aldaketa klimatikoa konplexua eta zaila da ulertzeko zein aldatzeko».
Haren iritziz, «gizarte ahula» gara, hiru ezaugarri nabarmenekin: «Churchillek aipatzen zuen hipokrisia antolatua, errealitatearen ukapena eta populismoaren gorakada, beldurrez bizi garen une honetan aprobetxatuz». «Ezjakintasunean itsututako jarrerak zabaldu dira, eta prest egon behar dugu gezurrak gezurtatzeko», gehitu du.
Euri-erauntsiak, bero-boladak eta itsasoaren gorakada
Valladaresek hainbat adibide jarri ditu klima-aldaketak areagotu dituen muturreko fenomenoak irudikatzeko: Helene eta Milton urakanek, esaterako, AEBetako ekialdea astindu zuten epe laburrean. «Tormenta Arca» deitu die: Biblian kontatzen den uholdearen pareko prezipitazioak eragin zituztelako. Era berean, iazko udazkeneko dana bortitza gogoratu du Valentziako inguruan.
Fenomeno hauek ulertzeko, grafiko bat erakutsi du: 2015az geroztik, Lurra gero eta beroagoa da eta gero eta energia gehiago pilatzen da atmosferan. «Berotegi-efektuko gasak isurtzen jarraitzen dugu, eta energia horrek ekaitz handiagoak, lehorteak edo uholdeak eragiten ditu. Sirimiriak desagertzeko arrisku handiagoa du linze iberikoek baino», ohartarazi du.
Gainera, «atmosfera beroagoak ur gehiago gordetzen du; tenperatura gradu bat igotzen den bakoitzean, %7 gehiago». Horren ondorioz, euri-jasak gero eta bortitzagoak dira.
Ondarretako hondartzaren etorkizuna eta osasunaren arriskuak
Klima-aldaketak itsasoa ere berotzen ari da. «Mediterraneoan, azken 30 urteetako batez bestekoa baino 2,5 gradu gehiago neurtu dira. Mende amaierarako, Ondarretako hondartzak %40 azalera galduko du uraren igoeragatik».
Baina osasunean ere ondorioak nabarmenak dira: Valladaresek adierazi duenez, «2003ko bero-bolak 70.000 europar hil zituen, eta Espainian 20.000 lagunetik gora. Gaur egun bero-bolak gogorragoak dira, baina hildako gutxiago uzten dituzte, egokitzapenei esker. Hala ere, egokitzapenak muga bat dauka. Horregatik da hain garrantzitsua aurrea hartzea».
Ekonomia, aseguruen kolapsoa eta etorkizunaren erronka
«Kapitalismoak bere burua irensten ari da», adierazi du Valladaresek. Aldaketa klimatikoaren ondorioz, gobernuek gero eta gastu handiagoa dute eta zorpetze maila handitzen ari da. Are gehiago, «sistema kapitalistaren oinarri diren aseguru-etxeek ez dute arriskua estaltzeko gaitasunik». Kaliforniako sute handien aurretik, «90.000 poliza bertan behera utzi zituzten iragarpenetan oinarrituta. Ezin gaituzte aseguratu, euren irabaziak arriskuan jartzen baitira».
Azkenik, Valladaresek zalantzan jarri du hazkundea ongizatearekin nahastea. «Hazkundea ez da nahitaez hobekuntza. ‘Hazkunde osteko’ edo ‘ekonomia ekologiko’ terminoak erabiltzen hasi dira, baina oraindik gutxi dira norabidea aldatzeko ausardia dutenak». Decrecimiento kontzeptua ere defendatu du: «Ez da kobazuloetara itzultzea, baizik eta galdutako denbora berreskuratzea: jateko, zaintzeko, bizitzeko».
Amaitzeko, adierazi du: «Zientziak informatzen du, baina aldaketak gizartearen eta politikaren esku daude. Aukera bat dugu; borondatea baino ez da falta».