Fusio nuklearra da zientziaren erronka handietako bat: eguzkian gertatzen den prozesua lurrean birsortzea, energia garbi, seguru eta ia amaigabe baten bila. Helburu horretara hurbiltzeko beste urrats garrantzitsu bat egin dute Txinan, azken esperimentu batean lortutako emaitza historiko bati esker.
EAST erreaktorearen lorpen ikusgarria
EAST erreaktore esperimentalak, “eguzki artifiziala” ezizenaz ezaguna, plaza egoeran 1.066 segundoz —ia 18 minutuz— mantentzea lortu du. Aldi horretan, tenperatura 108 milioi Celsius gradura iritsi da, eguzkiaren barnean dagoenaren parekoa. Datu horrek aurreko markarekin alderatuta jauzi nabarmena adierazten du: 2023an, 403 segundoko iraupena izan zuten.
Emaitza horrek frogatzen du fusio nuklearraren bidean benetako aurrerapausoak ematen ari direla.
Energia-iturria, baina erronka teknikoa ere bai
Fusio nuklearrak berez ez du ez kutsadura gasik sortzen, ezta hondakin erradioaktibo iraunkorrik ere. Horrek aukera ematen du energia iturri garbi, segurua eta jasangarria izateko. Hala ere, balizko onura horiek lortzeko, hainbat oztopo tekniko gainditu behar dira oraindik.
Horien artean, zientzialariek nabarmendu dute plasma egoera oso tenperatura altuan sortzea eta mantentzea dela erronkarik handiena. Horretarako, muturreko baldintzei aurre egiteko gai diren material erresistenteagoak garatu beharra dago, eta prozesu osoaren energia-eraginkortasuna hobetu behar da.
Bide zail baten aurrerapen itxaropentsua
Adituek gogorarazi dute aurkikuntza hau ezin dela oraindik energia komertzialaren ikuspegitik baliagarritzat jo. Baina aurrerapen teknologiko horiei esker, fusio nuklearra gero eta gertuago dago. Izan ere, behar bezala garatuta, energia ia mugagabea eskaintzeko gai izango litzateke, erregai fosilen menpekotasuna murriztuz eta gure bizimoduaren jasangarritasuna indartuz.
Txinako azken esperimentu arrakastatsuak erakusten du etorkizuneko bide posible bat marrazten ari direla. Energia garbiaren bilaketan, fusio nuklearrak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari da.