Neiker laborategiak hegazti gripearen hainbat kasu atzeman direla baieztatu du Arabako hainbat puntutan bildutako sei hegaztitan, tartean Gasteizko Salburuko hezegunean aurkitutakoetan. Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak jakinarazi duenez, animaliak Neikerrek egindako lehen azterketan kutsatuta agertu dira. Hala ere, laginak Madrilgo Algeteko albaitaritza laborategi zentralera bidali dituzte, Estatuan erreferentziazko gunea baita gaixotasun honen kasuak modu ofizialean berresteko.
Aurkitutako espezieak
Azken baieztapenetan, Alegria udalerriko etxebizitza bateko lorategian agertu zen antzara bat eta Salburuko hezegunean bildutako espatula bat, bi zikoina eta ahate bat izan dira positibo eman dutenak. Horrez gain, duela bi aste, Garaion topatutako kaio bat ere kutsatuta zegoela adierazi zuten.
Foru plana, martxan
Arabako Foru Aldundiak gogorarazi du aspalditik martxan dagoela gaixotasuna zabaltzea eragozteko neurri sorta. Horien artean daude urtegi eta hezeguneetan zaintza areagotzea, Arkaute eta Salburuko baltsak tartean, baita animalia gaixo eta hildakoak berehala kentzeko protokoloa ere. Aldundiaren esanetan, «positiboak maiz azaltzen dira eta denboran errepikatu ohi dira, bai gure inguruan bai Europako beste hainbat lekutan».
Kasuak Bizkaian ere
Arabako kasuez gain, azken asteetan Bizkaiko kostaldean aurkitutako hainbat kaio ere kutsatuta zeudela baieztatu dute. Abuztu hasieran, adibidez, 132 hegazti sakrifikatu zituzten Gorlizko berreskuratze-zentroan.
Osasun Sailaren mezua: arrisku oso baxua gizakientzat
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogorarazi du hegazti gripeak batez ere ur-inguruko hegazti basatietan eragina duela eta animalien artean transmititzen dela nagusiki. «Oso kasu bakanetan soilik pasa daiteke gizakietara, beraz herritarrentzat arriskua oso baxua da», zehaztu dute.



