Osalanek argitaratutako azken datuen arabera, 2.860 lan-gaixotasun erregistratu ziren iaz EAEn. Horietatik 2.045 kasu berriak izan ziren, eta 815 berreroritakoak. Hau da, aurreko urtearekiko 15 parte gehiago, %0,5eko igoera txiki bat suposatuz.
Kopurua ez da nabarmen hazi, baina Osalanek azpimarratu du laneko gaixotasunak oraindik ere “osasun publikoaren arazo garrantzitsua” direla, eta errealitate horrek etengabeko prebentzio-neurriak eskatzen dituela.
Muskulu-eskeletoko arazoak, nagusi
Laneko gaixotasunen artean ohikoenak muskulu-eskeletoko nahasmenduak dira, eta kasuen %66k dute jatorria mugimendu errepikakorrengan eta jarrera behartuengan.
Fabriketako lan mekanizatuetan, garbiketa-zerbitzuetan eta eraikuntzan bereziki agertzen dira horrelako arazoak. Eguneroko mugimendu berdinak behin eta berriz egiteak, atsedenik gabe, sorbaldetan, lepoan eta eskumuturretan mina eragiten du, eta kasu askotan lanerako ezintasun partzial edo osoa ekartzen du.
Bestalde, zarata izan zen kasu berrien %7ren eragilea. Fabrika, lantegi edo obretako giro zaratatsuetan epe luzera sortzen diren entzumen-galerak dira horren ondorio nagusiak. Era berean, agente biologikoak gaixotasunen %6ren jatorria izan ziren. Gehienetan, osasun-sektoreko langileengan edo egoitzetako zaintzaileengan agertzen dira, gaixoekin harreman zuzena dutelako.
Ahotsa, azala eta bestelako arriskuak
Osalanek jasotako beste datu deigarrien artean, ahotsaren erabilera jarraitua aipatu behar da. Irakasle, teleoperadore edo antzeko lanpostuetan dabiltzan langile askok ahots-kordetan kalteak izan dituzte; kasuen %6 horrekin lotuta dago. Halaber, azaleko lesioak ere agertu dira, lan-ingurunean erabiltzen diren produktu kimikoek edo substantzia narritagarriek eraginda. Pintoreak, garbitzaileak edo laborategietako langileak dira arrisku gehien dutenak.
Joeren bilakaera
Oro har, lan-gaixotasunen banaketa urtez urte egonkor mantentzen dela azaldu du Osalanek: kasuen %80 inguru agente fisikoengatik (mugimenduak, zarata, bibrazioak…) dira, eta gainerako %20 beste kausa batzuei dagokie.
Iaz, kasu berrien jakinarazpenak %2,3 jaitsi ziren 2023arekin alderatuta; aldiz, berreroriak %9,7 hazi ziren. Horrek erakusten du askotan gaixotasun kronikoak direla, eta denborarekin berriz agertzen direla.
Minbizi-kasuen eragina
2024an 34 lan-gaixotasun aitortu ziren agente minbizi-eragileekin lotuta. Horietatik 27 amiantoarekin izan ziren, eta gainerakoak egur-hautsarekin, artsenikoarekin, zianuroarekin, kadmioarekin, kromo VIarekin eta nikelekin.
Osalanek gogorarazi du amiantoak “oraindik ere eragin handia” duela, nahiz eta aspaldi debekatuta egon. Horrek erakusten du iraganean eraikitako azpiegiturek arrisku larriak sortzen jarraitzen dutela.
Generoen arteko aldeak
Lan-gaixotasunen eragina ez da berdina emakumeengan eta gizonezkoengan. Txostenak alde nabarmenak erakutsi ditu:
- Entzumen-galerak: 144 kasu gizonezkoetan, 5 emakumezkoetan.
- Ahotsaren gehiegizko erabilera: 108 emakumezkoetan, 9 gizonezkoetan.
- Agente biologikoak: 115 emakumezkoetan, 26 gizonezkoetan.
- Minbizi kasuak: 31 gizonezkoetan, 3 emakumezkoetan.
Horrek adierazten du emakumeek arrisku handiagoa dutela zerbitzu-sektoreko gaixotasunetan, eta gizonek, aldiz, industria-sektorekoetan.
Sektoreen arabera banaketa
Kasu berrien ia %11 metalezko produktuen fabrikazioan erregistratu ziren. Ondoren, egoitza-zentroetako laguntza (%7,9), eraikinen garbiketa eta lorezaintza (%7,8) eta metalurgia (%6,8) agertu ziren. Horren atzetik hezkuntza (%5,6), ostalaritza (%5,4), eraikuntza espezializatua (%5,3) eta merkataritza (%5,1) daude.
Emakumeen kasuan, gaixotasun berrien %40 zerbitzuen sektorean pilatzen dira, batez ere egoitzetan, garbiketa-zerbitzuetan eta hezkuntzan. Gizonen artean, aldiz, industria eta eraikuntza dira nagusi.
Intzidentzia handieneko lanak
Kasu kopuru handiena duten sektoreak eta arrisku-tasa altuenak ez dira beti berdinak. Intzidentzia handiena izan zuten sektoreak honako hauek izan ziren:
- Egoitza-zentroetako laguntza (8,24 kasu 1.000 langileko).
- Metalurgia eta burdinazko produktuak (7,88 kasu 1.000 langileko).
- Ibilgailuen fabrikazioa (5,82 kasu 1.000 langileko).