Donibane Lohizuneko Poliklinikako larrialdi zerbitzuak ez ditu ateak itxiko, azken hilabeteetan piztutako kezkei amaiera emanez. Herritarren mobilizazioak, tokiko agintarien lana eta Osasun Ministerioaren esku-hartzea izan dira akordioaren giltzak. Jean-François Irigoyen auzapezak gogorarazi duenez, «ekainaren 27ko mobilizazio historikoa eta instituzioen esku-hartzea ezinbestekoak izan dira aterabide hau lortzeko».
Baionako erietxeak gidatuko du etorkizuneko eredua
Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziak (ARS) eta Euskal Kostaldeko Erietxeak (CHCB) landutako plan berria jada zehaztu dute. Trantsizio fase baten ondoren, 2026ko otsailetik aurrera, Baionako ospitaleak hartuko du zerbitzuaren ardura eta 40.000 biztanleri bermatuko die arreta.
Egitasmoak hainbat berrikuntza jasotzen ditu: larrialdi zerbitzuaren modernizazio sakona, balio anitzeko medikuntza gune berri bat, eta astean bitan eskainiko den onkologia artatzea.
“Zailtasunak gorabehera, aterabidea aurkitu dugu”
Poliklinikak izan dituen arazo ekonomikoak gogoan, Irigoyenek nabarmendu du aurkitutako konponbideak «biztanleendako zerbitzuaren jarraipena bermatzen» duela.
Peio Dufau EH Bai diputatuak ere pozik hartu du erabakia, eta azaldu duenez, «1,8 milioi euroko inbertsioa beharko da instalazioak berritzeko eta zerbitzua egungo beharretara egokitzeko».


