Klima aldaketak geroz eta oihartzun handiagoa du Nafarroako gizartean. 2024ko Bizikidetza eta Baldintza Sozialen Inkestaren arabera, herritarrek 7,5eko batez besteko kezkarekin baloratzen dute planetari dagokion klima larrialdia, eta 7,4 puntu Nafarroari berari dagokionez. Horrek adierazten du kezka handitu egin dela 2022arekin alderatuta, urte hartan puntuazioa 7koa baitzen bi mailatan.
Emakumeak eta 45 urtetik gorakoak dira gehien arduratzen direnak
Datuen azterketak erakusten du emakumeek gizonak baino kezka handiagoa dutela: 7,7 puntu planetaren egoeraz eta 7,6 puntu Nafarroaren inguruan. Gizonek, aldiz, 7,3 eta 7,2 puntu eman dituzte, hurrenez hurren.
Adinari dagokionez, 45 eta 59 urte artekoek eta 60 urtetik gorakoek erakusten dute sentsibilitate handiena: planetaren inguruko kezkak 7,8 eta 7,7 puntu lortzen ditu euren artean, eta lurraldeari dagokionez 7,7 eta 7,6.
Aipagarria da, ordea, 15 eta 29 urte arteko gazteen artean kezkaren maila ez dela 7 puntura iristen.
Informazio maila jaisten ari da, eta gazteak dira gutxien informatuta daudenak
Nahiz eta kezka handitu, herritarrek klima aldaketari buruzko informazioa jasotzeko interesa murriztu egin da azken urteetan. 2024ko datuek erakusten dute %78,3k gaiaren inguruan informatu zirela inkesta aurreko hilabetean. 2022an, berriz, %89,5ek informazioa jaso zutela adierazi zuten, eta 2019an %71,9k.
Informazio jarioan ere emakumeek protagonismo handiagoa dute: %79,9 informatuta daudela adierazi dute, gizonen %76,6aren aldean. Gainera, gazteek dira gutxien informatzen direnak (%71,2), eta kontrara, 45-59 eta 60 urtetik gorakoek dute ehuneko altuena: %80,6 eta %80,2, hurrenez hurren.
Zonaldeei erreparatuta, Iruñean informazio maila altuena da (%81,3), eta gainerako eskualdeetan ehuneko hori %74 ingurukoa da.
Ingurumena babesteko zergak handitzearen aldeko jarrera apaldu egin da
Alderdi ekonomikoak garrantzitsua izaten jarraitzen du ingurumen-politiken onarpenean. Inkestak dioenez, ingurumena babesteko zergak handitzeko aukeraren aldeko babesa %41,1etik %35,4ra jaitsi da 2022tik 2024ra bitartean.
Aurkako jarrera, berriz, hazi egin da: %29,9tik %36,6ra. Zonaldeka, Iparraldean mantendu da babesa %42,6an, eta Iruñean da oposizio txikiena. Erdialdean jaitsiera handiena izan da (%41,2tik %31,2ra), eta Hegoaldean da jarrera kritikoena: %27 soilik daude alde, eta %45 kontra.
Kezka bai, baina ekintzarako prestutasun gutxiago
Datuak ikusita, ondorio argi bat atera daiteke: Nafarroako herritarrak gero eta kontzienteago dira klima aldaketaren arriskuaz, baina ekintzarako konpromisoa ez da neurri berean hazten ari. Informazioa jaso, politikak babestu eta jarrera aktiboagoak hartzeko beharra oraindik ere erronka nagusienetako bat da.



