Espainiako Nerabeentzako Medikuntza Elkarteak (SEMA) eta Espainiako Pediatria Elkartearen Osasun Sustapenerako Batzordeak (CPS-AEP) ohartarazpen formala egin diete guraso, tutore eta zaintzaileei. Izan ere, Roblox bideojoko-plataformaren erabilerarekin lotutako sintoma larriak areagotzen ari direla atzeman dute kontsultetan.
SEMAren arabera, gero eta gehiago dira kontsultara doazen adingabeak osasun mentalarekin lotutako nahasmenduekin, hala nola autolesioekin, antsietatearekin, loaren nahasmenduekin, aldarte-aldaketa bortitzekin edo gizarte-isolamenduarekin.
Jolasa baino gehiago: Roblox eta haren arriskuak
Roblox oso ezaguna da haur eta nerabeen artean. Bertan erabiltzaileek jokoak sortu eta besteekin jokatu dezakete, eta txat-funtzioak bidezko komunikazioa ahalbidetzen du. Hori da, hain zuzen ere, medikuen kezka iturri nagusia.
Oraindik ez dago argi arrisku guztiak Robloxen plataforma ofizialean gertatzen diren ala antzeko itxura duten kanpoko guneetan, baina azkenaldian hautemandako portaera ereduek alarma piztu dute.
Mezuak, presioak eta autolesioak
Maria Angustias Salmeron doktoreak, SEMAko presidente eta CPS-AEPeko Osasun Digitalaren taldeko kideak, ohartarazi duenez, «pediatrek gero eta kasu gehiago ari dira atzematen, non haurrak txaten bidez autolesionatzera bultzatuak izan diren, pornografia ikustera behartuak edo beren identitate sexuala zalantzan jartzera eramaten diren».
Haur batzuen familiek jakinarazi dute autolesio fisiko nabarmenak dituztela, baita portaeran aldaketa larriak, lo-ezintasuna, antsietatea eta ohikoak ez diren iruzkinak edo jarrerak sexualitateari, identitateari edo indarkeriari buruz.
Ikuskatzea, prebentzioaren giltza
Salmeronek eta Osasun Digitalaren taldeak argi dute: «Zaintza aktiboa, bai etxetik eta bai kontsulta medikotik, funtsezkoa da haur eta nerabeen osasun psikologikoa eta fisikoa babesteko».
Horregatik, gurasoei gomendatzen diete ikuskatzea seme-alabek Roblox erabiltzen duten eta, hala bada, txatetan parte hartzen duten. Halaber, haurrekin modu irekian hitz egitea gomendatzen dute, ezezagunekin sarean komunikatzeak dituen arriskuez jabetu daitezen.
Kezkarik izanez gero, pediatrarengana eta salaketa jarri
Adingabearen portaeran edo emozioetan deserosotasuna edo arraroa den zerbait atzemanez gero, adituek gomendatzen dute pediatrarengana jotzea lehenbailehen.
Gainera, kasuren bat atzemanez gero, gomendatzen da salaketa jartzea eta Espainiako Datuen Babeserako Agentziari egoera jakinaraztea, txataren irudiak edo frogak aurkeztuz.



