Palestinako herriaren genozidioaren aurrean nazioarteko isiltasuna salatu eta erresistentziaren aldeko oihu sendoa kalera ateratzeko asmoz, manifestazio nazionala deitu dute urriaren 4rako Iruñean. Mobilizazioa larunbat eguerdian, 12:00etan, abiatuko da Antoniutti parketik, eta sionismoaren aurkako mezua eta elkartasun aktiboa izango ditu ardatz.
«Ez dugu gehiago isilik egon nahi»
Palestinarekin Elkartasuna plataformak eman du mobilizazioaren berri, eta agerraldian azpimarratu dute une erabakigarrian gaudela. «Aurrera egiteko garaia da, eta genozidioa ez da bukatuko keinu hutsalekin, ezta adierazpen hipokritekin ere», adierazi dute irmo. Hainbat estatuk egin dituzten adierazpen instituzionalak, haien esanetan, ardura saihesteko tresna bihurtu dira.
Gazako sufrimendua, Zisjordaniako okupazioarekin batera
Azken bi urteetan, batez ere Gazan, palestinarren egoerak okerrera egin du nabarmen, baina plataformako kideek ez dute Zisjordaniako lurraldean gertatzen ari dena ahaztu nahi izan: «Israel lurralde osoa bereganatzeko urratsak egiten ari da, koloniak eraikiz ipar eta hegoa bereizteko helburuarekin».
Palestinarren borroka: gure borroka ere bada
Deitzaileek argi utzi dute palestinarren erresistentziaren garrantzia: «Erresistentziarik gabe, aspaldi galduko zuten beren herria». Euskal Herritik, bi norabidetan ikusten dute konpromisoa: batetik, erresistentziarekiko babesa; bestetik, sionismoaren konplizeen aurkako borroka zuzena.
Azaldu dutenez, sionismoaren aurkako borroka ez da urruneko auzi bat: «Gure egunerokoan bertan dago borroka: gure bizkar etekinak ateratzen dituzten banketxeen irabazietan, gure bizitzak prekario bihurtzen dituzten enpresetan eta gure kontra indarkeriaz jokatzen duten poliziak entrenatzen dituzten egituretan».
Agintarien jarrera: isiltasuna edo hipokresia
Plataformako kideen iritziz, Europako, Espainiako eta baita Euskal Herriko agintariek sarraskiaren aurrean begiak itxi dituzte. «Palestinaren aldeko elkartasuna zigortzen duten bitartean, Israelen sarraskiak gaitzesteko adierazpen hutsak baino ez dituzte egin», salatu dute.
Haien ustez, adierazpen horiek ez dira benetako konponbide bila doazenak, ezta genozidioa gelditzeko asmorik dutenak ere: «Helburua da Israelen zilegitasun galerak euren estatuetan ez izatea ondoriorik».