1,4 milioi kilo gazta ekoiztea aurreikusten du aurten Idiazabal Jatorri Izendapen Babestuak (JIB), aurreko urtearekin alderatuta %10eko hazkundea suposatuko lukeen datua. Guztira, 99 gaztandegi izango dira ekoizpen horren arduradun.
Nafarroan ospatu da hirugarren ‘Idiazabal Eguna’
Datu horiek Nafarroan egin den ‘Idiazabal Eguna’ ospakizunaren hirugarren edizioan eman dituzte ezagutzera. INTIA enpresa publikoaren lankidetzarekin antolatu da aurtengo ekitaldia, eta eguneko ekitaldi nagusien artean izan da Idiazabal JIBren Kontseilu Arautzailearen Batzar Nagusia, Iruñeko Zitadela barruan dagoen Arma Aretoan ospatua.
Bertan izan da Jose Mari Aierdi, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen sailburua, eta Idiazabal markaren ekoizpen eredua txalotu du: «Kalitate handiko produktu bat eskaintzeaz gain, abeltzaintza estentsiboaren mantentzean, landa-eremuen finkapenean eta tokiko ekonomian ere balio erantsia eskaintzen du», adierazi du.Halaber, Aierdik azpimarratu du garrantzitsua dela gizarteari sektore sendo eta hazteko gogoz dagoen baten indarrak ezagutaraztea.
Etorkizunera begira, ilusioz
Bestalde, Felix Ajuria, Idiazabal JIBren Kontseilu Arautzaileko presidenteak, unea «ilusioz beterikoa» dela nabarmendu du: «Produktuaren posizionamendu onak eta gizartearen aitortzak etorkizunerako oinarri sendoa eskaintzen digute». Bere hitzetan, hori guztia lagungarria izan daiteke gazteen belaunaldi berriek sektorean jarrai dezaten lanean.
Ekitaldi instituzionalean, Aierdirekin eta Ajouriarekin batera izan dira Mikel Armendariz, Iruñeko Udaleko Sustapen Ekonomikoko zinegotzia, eta Javier Mate, Espainiako MAPAko Elikagaien Kalitatearen Kontrolerako zuzendariordea.
Belaunaldi aldaketa, erronka nagusietako bat
Goizeko saioa amaitzeko, belaunaldi-erreleboari buruzko mahai-ingurua egin da. Sektorearen erronka nagusietako bat da hori, eta berebiziko garrantzia du datozen urteetako etorkizuna bermatzeko. Ondoren, Jose Mari Ustarroz zenaren omenezko ekitaldi xume baina hunkigarria ospatu da, hura izan baitzen Idiazabal JIBren presidente 17 urtez.
Arratsaldea publiko zabalari zabalik: dastaketak eta sukaldaritza zuzenean
Arratsaldean, ‘Idiazabal Eguna’-k ateak zabaldu ditu publiko orokorrarentzat. 16:30etik 20:00etara bitartean, Iruñeko Zitadela gastronomia eta kultura elkartzeko gune bihurtu da. Jarduera nagusien artean, Idiazabal gaztaren dastaketak, Reyno Gourmet produktuak eskaintzen dituzten foodtruck-ak, eta “Reina de Copas de Olite”-ren eskutik gazta-dastaketa komentatu bat nabarmendu dira.
Halaber, sukaldaritza saioak zuzenean eskaini dira, eta familia osoarentzako jarduera zabal eta askotarikoak izan dira egun osoan zehar.


