23 urteko isilaldiaren ondoren, Etzakit taldeak oholtza gainera bueltatzeko erabakia hartu du. Taldekideek joan zen ostiralean jakinarazi zuten berria, eta iragarri zuten, 2026ko urtarrilaren 5ean kontzertu berezi bat emango dutela Oialume dantzalekuan, euren ibilbidean hain seinalatua den tokian.
Ver esta publicación en Instagram
«1995eko urtarrilaren 5ean gure lehen kontzertua bertan eman genuen, eta zortzi urte geroago, 2003ko urtarrilaren 4an, azkena. Hori dela eta, itzulera honetarako baino aproposagorik ez dugu aurkitu», azaldu dute taldeko kideek ohar batean.
Euskal Herriko belaunaldi baten soinu banda
Zortzi urteko ibilbidean, Etzakit taldeak 850 kontzertu inguru eskaini zituen, maketa bat grabatu, eta bi disko kaleratu zituen: Etzakit (1998) eta Goiz edo noiz? (1999). Bigarren lan horretan jasotako Zergatik ez abestiak Gaztea Saria irabazi zuen 1999an eta, harrezkero, belaunaldi oso baten ikur bihurtu da.
Musikalki, Etzakitek trikitia eta pop erritmoak modu berezian uztartu zituen, eta estilo hori Euskal Herriko plazetan oso ezagun eta maitatua egin zen 90eko hamarkadan.
Lau lagun, eszenatokian berriz ere
Etzakiten bueltan parte hartuko dute Xabi Solanok (soinu txikia eta ahotsa), Jon Mari Beasainek (panderoa), Aitor Zabaletak (baxua) eta Ander Barrenetxeak (bateria). Lauak batera arituko dira “betiko indar eta sinadura propioa izango duen kontzertu batean”, adierazi dutenez.
Solano eta Beasain aspaldiko lagunak dira, eta 90eko hamarkadaren hasieran erromeria eta lehiaketetan bikote gisa aritu ziren. Euskal Herriko trikitia txapelketa hirutan irabazi zuten. Ondoren batu zitzaizkien Barrenetxea eta Zabaleta, eta horrela osatu zuten laukotea.
Disko gogoangarriak eta kolaborazio ugari
Bi diskoen letrak Jon Garmendia ‘Txuria’k idatzi zituen, eta ekoizpena Kaki Arkarazoren esku egon zen. Bigarren lan horretan, Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzaileak eta Amparo Sanchez (Amparanoia) abeslariak ere parte hartu zuten. Aipatzekoa da, halaber, taldeak Egin egunkariaren eta irratiaren itxieraren ondoren sortutako kantua.
Etzakitek Euskal Herritik kanpo ere arrakasta izan zuen, eta 1997an AEBtan kontzertuak emateko aukera izan zuen, garai hartan trikitia eta poparen fusioa goraka zihoanean.
Bukaera bat… eta itzulera
2003an, taldeak bere ibilbideari amaiera eman zion. «Une batean Etzakiten bidea agortu egin zela sentitu genuen, eta bukatzeko garaia zela erabaki genuen. Akaso oso gazte hasi izanak ere izan zuen eragina erabaki horretan», azaldu zuen orduan Xabi Solanok.
Harrezkero, taldekideak beste hainbat proiektutan murgilduta egon dira, baina orain, jai giroko kontzertu berezi batekin bueltatzeko unea heldu dela sentitu dute. Itzulera hori, gainera, «guretzat hain seinalatua den data batean eta gure ibilbidean hain berezia den leku batean» izango da.



