Larunbat honetan, urriaren 4an, festa berezia ospatuko da Biziolan: bigarren eskuko arropa denda aurkeztuko dute modu ofizialean, Emaus Gizarte Fundazioarekin elkarlanean garatutako proiektu baten baitan. Aurkezpenarekin batera, tailer praktikoa, mokadutxoa eta kontsumo jasangarriaren inguruko hausnarketa partekatuko dituzte.
Egun osoko egitaraua, moda arduratsua sustatzeko
Goizeko 11:00etan emango diote hasiera aurkezpenari, eta bertan izango dira Aitziber Zubillaga, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendaria, eta Ainitze Korta, Biziolako komunikazio arduraduna. Elkarlanaren nondik norakoak azalduko dituzte eta parte-hartzaileek aukera izango dute bi entitateen inguruko zalantzak eta galderak modu informalean partekatzeko.
Jarraian, 11:45ean, Maialen Uranga itxura aholkulariak gidatutako kolore tailerra egingo da. “Koloreen magia deskubritzen; beroak vs hotzak” izeneko tailerrean, norberaren azalarekin ondoen bat egiten duten koloreak identifikatzen lagunduko dute. Tailerraren inguruko plaza kopurua mugatua izango da, eta izen-ematea esteka honetan egin daiteke.
Arropa berrerabilia, kontsumo arduratsua eta etorkizun jasangarriagoa
Ekitaldiak tokiko ekoizleen produktuekin osatutako mokadutxo batekin egingo du bat, eta parte hartzaileek kontsumo ohiturei buruzko hausnarketan sakontzeko aukera izango dute. Antolatzaileek nabarmendu dute arropa berria erosi baino lehen lehendik dagoena berrerabiltzea dela aukera iraunkorrena: «kontsumo masiboa ekiditeko eta bulkadaz ez kontsumitzeko bide ezin hobea da bigarren eskuko arropa».
Biziolak, gainera, etxean erabiltzen ez diren arropak jasotzeko edukiontzi bat jarri du eskuragarri espazioan, edonork bere arropak bertara eraman ahal izateko. Udazken-neguari begira arropa berria iritsi den arren, oraindik eguraldi oneko piezak ere aurki daitezke, azken aleak 5 eurotan eskainita.
Hazia Hamabostaldi Ekologikoan, eta orain beste urrats bat
Duela bi urte Goierriko Hamabostaldi Ekologikoan egindako truke azokarekin jarri zen lehen hazia, eta orain proiektuak dimentsio berria hartu du Emaus Gizarte Fundazioarekin egindako lankidetzari esker. «Moda industriaren inguruan kontzientzia handiagoa sortu eta ekonomia zirkularra sustatzea da helburua», azaldu dute antolatzaileek.
Etorkizunera begira, Biziolak gizarteratzea eta ekonomia eredu alternatiboak sustatzen jarraitzeko asmoa du, betiere Emaus Gizarte Fundazioaren laguntza teknikoarekin eta esperientziarekin.


