Eroski Taldeak 2025eko lehen seihilekoko jardueraren balorazio positiboa egin du. Kooperatibaren arabera, «hazkunde nabarmena» izan dute bai salmentetan bai marjina operatiboetan, eta hori guztia «kontsumo egonkorra» izan den testuinguru batean gertatu da.
Salmenta gordinak 2.949 milioi eurokoak izan dira, iazko epe berarekin alderatuta %2,9ko hazkundea izan dutelarik. Etekin garbiari dagokionez, 55,5 milioi eurotan kokatu da, 2024ko lehen seihilekoarekin alderatuta %10,6ko gorakada ekarri duelarik.
Sustapen politikak eta marka propioaren indarra, giltzarri
Eroskik azpimarratu du sustapen politikaren bidez 202 milioi euro baino gehiagoko aurrezkia helarazi diela kontsumitzaileei. Horri esker, «etxekoentzat prezio lehiakorra izatea funtsezkoa den testuinguru honetan», taldearen posizionamendu lehiakorra sendotu egin dela» nabarmendu dute.
Marka propioari buruz, bezeroen fideltasuna areagotzen lagundu duela azaldu du kooperatibak, kalitatearen eta prezioaren arteko oreka erakargarriaren bidez. Era berean, tokiko produktuen aldeko apustua berretsi dute, eta jakinarazi dutenez, 2.000 ekoizle ingururekin ari dira lankidetzan: «Helburua da tokian tokiko sektorea bultzatzea eta balio katearen iraunkortasuna indartzea».
Eusko Jaurlaritzarekin sinatuko duten hurrengo hitzarmenean oinarrituta, lankidetza horiek are gehiago sendotuko dituztela iragarri dute.
Digitalizazioa eta denda berriak
Kooperatibaren sare komertziala ere «zabaltzen eta modernizatzen» ari dela azaldu dute: 31 saltoki berri ireki dituzte azken hilabeteetan —6 propio eta 25 frankiziatu—, eta horien artean Bartzelonako L’Illa Diagonal dendaren eraberritzea nabarmendu dute: «Kontzeptu berriak supermerkatuaren ulermenean aldaketa sakona ekarriko du; espazio abegikor, ireki, gastronomiko eta digitalizatua eskaintzen du, bezeroaren esperientzia erdigunean jarriz».
Ardatz estrategikoak: osasuna, iraunkortasuna eta tokiko aberastasuna
Eroskik adierazi du bere ardatz estrategikoen artean osasuna, iraunkortasuna eta tokiko aberastasuna daudela, eta Espainiako lehen banaketa kooperatiba den aldetik, 27.600 profesionalek osatzen dutela taldea, horietatik 9.000 bazkide-jabeak.
Kooperatibako CEO Rosa Carabelek balorazio positiboa egin du: «Testuingurua zaila izanagatik, lortu dugu salmentak eta etekinak handitzea, prezioen lehiakortasuna eta elikadura osasungarri, iraunkor eta tokikoarekiko konpromisoa uztartuz». Carabelen hitzetan, «aurrezpena, marka propioaren indarra eta tokiko ekoizleekiko aliantza estua dira gure kooperatibaren xedea indartzeko zutabe nagusiak».



