Asteburuko euria eta haize freskoa alde batera geratuko dira, eta udazkenak aurpegi atseginagoa erakutsiko digu aste honetan. Igande goizean euria izan zen zenbait lekutan, eta tenperaturak nabarmen jaitsi ziren ipar haizearen ondorioz. Hala ere, egunak aurrera egin ahala, eguraldiak hobera egin zuen eta ostarte zabalak zabaldu ziren Euskal Herriko bazter gehienetan.
Behe-lainoa goizetan, baina gero eguzkia eta bero epela
Astelehen honetatik aurrera, giro egonkorra izango da nagusi. Goizeko lehen orduetan behe-lainoa ager daiteke, baina eguzkia nagusituko da berehala, eta zerua garbi mantenduko da egun osoan zehar. Haizeak ekialdetik joko du, eta kostaldean indar handiagoa izango du.
Tenperaturei dagokienez, igandean baino maximo altuagoak izango dira gaur: 22 eta 24 gradu artean ibiliko dira hiriburuetan. Minimoak, ordea, zertxobait freskoagoak izango dira. Bilbon 11 gradu ingurukoak izango dira, eta Gasteizen 5 graduaren bueltan.
Astean zehar egonkortasuna, baina ostegunerako aldaketak espero dira
Asteartean ere eguraldi bikainak jarraituko du: behe-lainoa agertuko da goizean, baina altxatzen denean, eguzkiak bere lana egingo du berriro. Hodei altuak ager daitezke tarteka, baina ez dute eguraldi ona zapuztuko. Barnealdean tenperatura maximoek gora egingo dute nabarmen —25 gradu baino gehiago— eta kostaldean, berriz, epelago mantenduko da.
Asteazkenean, antzeko egoerarekin jarraituko dugu. Baina Euskalmeten aurreikuspenen arabera, ostegunean eguraldiak aldaketa izan dezake, eta zaparradaren bat edo beste espero daiteke egunaren bigarren zatian.



