Zientziak eta gizarteak elkarri entzun behar diotela sinetsita, Elhuyarrek ‘Elhuyar Zientzia’ izeneko hedabide digital berria jarri du martxan. Proiektuak helburu bikoitza du: zientzia euskaraz hedatzea eta ikuspegi kritiko eta parte-hartzaile batetik gizartearekin lotura estua sortzea.
Usurbilen egindako aurkezpenean, Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea, eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Kultura Zientifikoko arduraduna, izan ziren hedabidearen ezaugarri nagusiak aurkezten. Andonegik adierazi zuenez, «zientziak gizartean duen eragina ulertzeko, hizkuntza eta formatu berrietara egokitu behar dugu, gaur egungo begiradak kontuan hartuta».
Zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus elkartuta, espazio bakarra
‘Elhuyar Zientzia’-ren sorrerarekin, zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus batu dira espazio bakar batean, erabiltzaileei eduki zientifiko, teknologiko eta sozialak modu integratuan eskaintzeko. Plataformak 25.000 eduki baino gehiago biltzen ditu, eta formatu ugari eskaintzen ditu: albisteak, elkarrizketak, podcastak, iritziak, bideo laburrak, argazkiak eta erreportajeak.
Baina proiektuaren berrikuntza ez datza soilik edukietan. Agirreren esanetan, «Elhuyar Zientzia ez da webgune bat gehiago; euskarazko zientzia komunitate bat da, herritarren parte-hartzearekin eraikia».
Gizartearen kezkak zientziaren ikuspegitik
Hedabide digital berriak ez du zientzia soilik landuko; egungo gizartearen erronkak eta krisiak ere jarriko ditu aztergai. Osasun mentala, trantsizio ekosoziala, ingurumenaren zaintza eta balioen garrantzia izango dira maiz agertuko diren gaietako batzuk.Gainera, emakume zientzialarien efemerideak, herritarren iritzia jasotzeko inkestak eta hezkuntzari lotutako eduki sortzaileak ere tarte berezia izango dute. Proiektuaren xedea da zientziaren eta gizartearen arteko elkarrizketa bizirik mantentzea, ikuspegi pluraletik eta euskaraz.