Palestinako herriaren kontrako erasoak areagotu direnetik, Euskal Herrian elkartasun mugimendua ez da eten. Mobilizazio erraldoiak —azkena, 50.000 lagunek Iruñean egina— kaleetatik harago zabaldu dira, eta orain musikaren esparrura iritsi da protesta.
Euskal artistak batzen dituen Musikariak Palestinarekin plataforma sortu da, Spotify-ren aurkako boikot irmoa abiatuz. Ekimenaren sustatzaileek argi adierazi dute beren jarrera: «Ezin dugu onartu Spotify-k armagintzan 700 milioi dolarreko inbertsioa egitea, ezta musikariek jasandako prekarizazioa ere. Gure musika plataforma honetatik kendu eta entzuleak aukera etikoagoetara bideratu nahi ditugu».
Boikotaren zergatia: Spotify eta armagintza
Boikotaren erabakia ez da hutsetik sortu. Plataforma digitalaren zuzendari nagusia den Daniel Ek-ek Helsing Defence izeneko enpresan inbertitu zuen udan; adimen artifizial bidezko drone militarrak garatzen ditu konpainia horrek, eta Israelgo armadak herritar zibilen aurkako erasoetan erabili izan ditu. Horrek piztu zuen eztanda etiko eta artistikoa, eta hortik jaio zen Musikariak Palestinarekin, abuztuaren amaieran.
Euskal musikaren parte-hartze zabala
Hasieratik, plataformak ehunka artistaren arreta erakarri du. Boikotera batu dira besteak beste Birkit, Bellum, Zero, SDA, Nhil, La Furia, Esanezin, Incense, Karam, Meison, Naxker, Mark Duti, Xutik, Vulk, Mice, Sei Sega, Joseba B. Lenoir, Argazki bat behelainoan, Fermin Muguruza, Daño Dolor, Txoriburuek, Bloñ, Xak, Ibil Bedi eta Habi.Gainera, NorBait hil da Hemen eta Alerta Gorria podcastak ere bat egin dute.
Ez da, ordea, boikota gauza bakar batean gauzatzen: batzuk Spotify-tik guztiz erretiratu dira, beste batzuek etorkizunean ez dute bertan argitaratuko iragarri dute, eta zenbaitek babes sinbolikoa adierazi dute, azalpen gehiago eman gabe.
La Furiaren salaketa publikoa
Boikotaren ahots indartsuenetako bat izan da La Furia, Nafarroako rap abeslaria. Gutun ireki batean zuzenean interpelatu dio Spotify-ri, bi norabidetan egindako kritikarekin: alde batetik, musika merkantilizatu eta artistak pobretzen dituela salatu du; bestetik, genozidio baten laguntzailea bihurtu dela leporatu dio.
«Gustatu egiten zaizu (artistei) lapurtzen diezun dirua Israelgo Estatu genozidari armak saltzen dizkioten enpresetan inbertitzea, herri oso bat suntsituz», idatzi du.
Beste musikari askok antzeko mezuak partekatu dituzte sare sozialetan, artearen bidez erresistentzia politikoa egiteko beharra azpimarratuz.
Alternatiba etikoagoen alde
Plataformako kideek entzuleei dei egin diete beste streaming aukera batzuk erabiltzeko. Horien artean aipatu dituzte Badok, Deezer, Qobuz eta Bandcamp, «musika entzuteko eta partekatzeko bide bidezkoagoak» direla azpimarratuz.
Boikot kulturala nazioartean: No Music For Genocide
Euskal Herriko ekimen hau mugimendu global baten parte ere bada. Irailaren lehen astean sortu zen No Music For Genocide izeneko nazioarteko kanpaina, Gazan eta Zisjordania okupatuan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Israelgo Estatuaren aurkako boikot kulturala sustatzeko. Munduko hainbat artista eta diskoetxek bat egin dute deialdiarekin —Massive Attack, King Krule, Kneecap eta Domino Recording Company besteak beste—, eta guztira 400 erakunde eta taldek baino gehiagok eman diote babesa.
Ekimenak salatzen du musika-industriaren “art-washing” edo garbiketa estetikoa, hau da, kulturaren bidez gerraren irudia zuritzeko estrategia ekonomikoa.
Euskal Herrian, elkartasunaren oinarrian
Euskal gizartean Palestinarekiko elkartasuna ez da berria. EHUk duela gutxi milioika euroko ikerketa-proiektu bati uko egin zion, Israelgo parte-hartzea zela-eta; eta Espainiako Vueltan ere geldialdiak eta protestak izan dira azken hilabeteetan. Kalean, kulturan eta sareetan, gero eta gehiago dira genozidioaren aurrean isilik ez geratzeko hautua egiten dutenak. Musikariak Palestinarekin plataformak, bere aldetik, ahots kolektibo hori musika bidez artikulatu nahi du.


