Zinemazaleek hitzordu berezia izango dute azaroaren lehen astean. Zinemaren Jaiaren 25. edizioa itzuliko da aurten ere, eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako zinemak batuko dira ekimenaren ospakizunera. Lau egunez —azaroaren 3tik 6ra bitartean— ikusleek 3,5 euroko sarrera berezian gozatu ahal izango dituzte areto guztietako filmak.
Sarrerak urriaren 29tik aurrera
Zinemara joateko gogoa duenak data gorde beharko du: urriaren 29an jarriko dira sarrerak salgai. Eros daitezke Internet bidez, bai zinemek beraiek dituzten webguneetan, bai sarrerak saltzeko ohiko plataformetan, eta baita leihatiletan bertan ere. Antolatzaileek aurreikusten dute eskaera handia egongo dela, urtero bezala.
Zinemaren Jaia: zinema-industriaren ospakizuna
Ekimen hau Zinema-banatzaileen Espainiako Federazioak (FEDICINE) eta Espainiako Zinemen Federazioak (FECE) antolatzen dute, Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) bitartez. Gainera, parte hartzen dute Espainiako Zinematografia Arteen eta Zientzien Akademiak, Zinemaren Estatuko Elkarteak (AECINE), Zinematografia Banatzaile Independenteen Elkarteak (ADICINE) eta Espainiako Zinema Zientzien Elkarteak.
Antolatzaileen helburua da zinemaren esperientzia aretoetara itzultzea eta ikusle berriak erakartzea, streaming plataformen hazkundeak eragindako ohituraz aldaketa gero eta handiagoen aurrean.
Euskal ekoizpenak pantaila handian
Euskal ikusleek, gainera, bertako zinemaren eskaintza zabal eta oparoa izango dute egun horietan. Aretoetan ikusi ahal izango dira, besteak beste, “Maspalomas” (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga), “Karmele” (Asier Altuna), “Los domingos” (Alauda Ruiz de Azua), “La sospecha de Sofía” (Imanol Uribe), “Decorado” (Uniko) eta “Los tigres” (Kowalski Films) ekoizpenak. Zinema aretoetako arduradunen arabera, «Zinemaren Jaia ez da soilik prezio baxuaren kontua; kulturaren ospakizuna ere bada, eta ikusleari oroitzapen kolektibo hori berritzeko aukera eskaintzen dio».
Iparraldean, uda partean ospatu zen
Euskal Herriko iparraldean, Zinemaren Jaiaren antzeko ekimena, Fête du Cinema, ekainaren 29tik uztailaren 2ra ospatu zen. Han, sarreren prezioa 5 eurokoa izan zen, eta parte-hartzea «oso handia» izan zela nabarmendu zuten antolatzaileek.



